Gasteizko Euskaraldiak ostegunean eztanda egingo du, Jimmy Jazz aretoan

Erredakzioa 2022ko aza. 16a, 18:00
Hala Bedi Tabernan arituko dira Lenoir eta MICE, 21:00etan. / Argazkia: MICE

Izen-ematea bultzatzeko ekitaldiz beteriko hainbat asteren ostean, Euskaraldiari hasiera emateko jaialdia antolatu dute ostegun honetan, azaroaren 17an, Jimmy Jazz aretoan eta, ondoren, Hala Bedi Tabernan. Eta, jakina, ez ahaztu zure txapa jasotzea!

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean ospatuko den Euskaraldia gainean dugu jada. Bi egun baino ez dira falta Hitzez ekiteko garaia hasteko, arigune ugari sortu dira azken hilabeteetan, eta entitateen izen-ematea itxita dago aspalditik. Baina, badakizue, horrek ez du esan nahi despistaturen bati izena ematea ahaztu ez zaionik; eta ziur badagoela izena eman bai baina txapa oraindik jaso ez duenik.

Lehen horietako bat baldin bazara, gogoratu Euskaraldiaren webgunean izena eman dezakezula oraindik —ahobizi edo belarriprest rola aukeratuz—, edo aurreko edizioetako parte-hartzea berretsi, ariketa soziala hasten den momentura arte.

Zure txapa jaso ez baduzu, edo, are okerrago, non jaso ere ez badakizu, berriz, hemen duzu Euskaraldiko txapak banatzeko guneen mapa. Gasteiztarren kasuan, norbere auzoko gizarte etxera edo Montehermoso eraikinera hurbildu eta bertan eskatzea besterik ez da egin behar bakoitzak aukeratutako rolaren txapa jaso ahal izateko:

 

Dagoeneko, beraz, ez dago aitzakiarik. Azken asteak izen-ematea sustatzeko kanpaina egiten eta ekitaldiak antolatzen buru-belarri aritu dira Gasteizko auzoetako Euskaraldiaren batzordeak, eta, oraindik ere, bi hitzordu daude azaroaren 18rako: 17:30etik aurrera, Elssie eta Dekker eta txokolatada, Hegoalde gizarte etxean; eta 18:00etatik aurrera, Euskaraldiskoa, Salburua gizarte etxean.

Azaroko bigarren hamabostaldirako, beste auzo batzuetan ere antolatuko dira ekintzak, eta horien berri ematen joango da Gasteizko Euskaraldia.

Euskaraldiaren hasierako jaia

Gainera, Euskaraldia hasi aurreko egunean, azaroren 17an, Euskal Herriko hiriburu guztietan ekintza bateratu bat antolatuko dute 19:30ean. Bakoitza bere hiriburuan, baina denok elkar hartuta, orain arte auzo eta herrietako batzordeek egindako lana eskertu, izena emandako ariguneak hauspotu eta ahobizi zein belarriprest guztiak gonbidatuko dituzte, giro onean eta elkarrekin, txapa jartze bateratu bat egitera. ETBk zuzeneko emankizuna plazaratuko du hiriburu guztietako ekitaldiak tartekatuz.

Gasteizko ekitaldia Andre Maria Zuriaren plazan egitekoa zen, baina, azken momentuan, eguraldi txarra dela eta, Jimmy Jazz aretoan eta Hala Bedi Tabernan izango da, 19:00etatik aurrera:

AZAROAK 17, OSTEGUNA
Euskaraldia Gasteizko ekitaldi nagusia
Jimmy Jazz aretoan eta Hala Bedi Tabernan

  • 18:00 Ipurbeltz antzerkia, Nai eta Ameztu Produkzioaken eskutik
  • 19:00 Gasteizko ekitaldia
  • 19:30 Ekitaldi nagusia: txapa jartzea eta argazkia
  • 19:40 DJ Malandro
  • 21:00 Lenoir & MICE kontzertuan, Hala Bedi tabernan

EGITARAUA

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide