Seigarren urteurrenarekin batera, deabruak SUmendiko portoia jo du. "Badirudi berriz ere lurra berotzen ari dela, eta laster kaleak sutan jarri beharko ditugula; baina, aurretik, sei urtez auzoa berotzen egon garela ospatzeko unea da", iragarri dute Judimendi auzoko espazio autogestionatuko kideek.
Horretarako, "SUmendiko suan salto egin, pizteko adarrak jaurti edo hauspoarekin sugarra zirikatu duen oro" gonbidatu dute azaroaren 6an, igande honetan, antolatu duten "akelarrera". Okupazioa delitua bada, infernuan aurkituko gara! lelopean, egun osoko jaialdia antolatu dute, sei urte hauetan antolatutako auzolanak, hitzaldiak, bazkariak, tailerrak, bilerak, azokak, jolasak eta bestelako hamaika ekintzak zein bizipenak ospatzeko.
Egitaraua 11:00etan hasiko da, SUmendin bertan, horma-irudi baten margoketarekin. Segituan, 13:00etan, pintxada ibiltaria egingo dute auzoan zehar, eta, horrekin batera, auzoa apaintzeko ginkana ere. 15:00etan, auzokide guztiei irekitako bazkari herrikoia egingo dute. Bazkalostean, 16:00ak aldera, Mihiluze jokoa egingo dute. Azkenik, urteurreneko jaia borobiltzeko, brindisa egingo dute 17:00ak aldera, proiektuaren ibilbidea laburbiltzen duen bideo baten proiekzioarekin batera.

Sei urte auzoan borborka
SUmendi 2016ko ekainaren 23an jaio zen, San Juan gauean bertan eta auzoko jaien testuinguruan, auzoko gazteek Benito Ginea kalean abandonatutako garaje bat okupatu zutenean. Lau hilabetez lan egin zuten lokala txukuntzen, isilpean, baina urriaren 28an bost eguneko auzolana deitu zuten, SUmendi Espazioaren ateak behingoz auzoari irekitzeko.
2016an piztutako su txiki hori indartzen joan da sei urte hauetan, eta ehunka jarduera antolatu dituzte lokalean: auzolanak, tailerrak, bazkariak, kontzertuak, solasaldiak, topaketak, formakuntzak, kultur emanaldiak, artisauen azokak... Gazteak izan dira proiektuaren ardatza, baina umeentzako zein auzoko nagusientzako hamaika jarduera antolatu dituzte ere, "belaunaldiarteko sare bat" osatuz.
Hiru urteko ibilbidearen ostean, 2019ko azaroaren 27an, Ertzaintzak lokala hustu eta itxiarazi zuen, jabeen baimenik ez zutelako. Handik bi egunera berrokupatu zuten erabilerarik gabeko lokala, eta orduz geroztik ateak zabalik izan dira. Pandemia garaiko etenaldiaren ostean, betiko indar eta ilusioarekin, seigarren urteurrenera iritsi da SUmendi.
Duela urtebete baino gehiago, 2021ean, bosgarren urteurrenaren bueltan, ALEAk SUmendiko kideekin hitz egiteko aukera izan zuen, SUmendi, bost urte auzoan borborka erreportajea ontzeko.