SUmendi Espazioa su motelean egositako iraultza txiki horietako bat izan da auzoarentzat. Soraya Castresana (Gasteiz, 1999) eta Dorleta Pumar (Gasteiz, 2000) duela gutxi hasi dira lokaleko asanbladan parte hartzen. Soraya duela urtebete hasi zen, baina gazte asanbladan eta auzoko talde feministan militatzen zuen aurretik; Dorleta, berriz, aurten batu da hiru kolektiboetara. Proiektuaren hastapenak, bilakaera, oraina eta etorkizuna erreportaje honetan marrazten lagundu digute.
"Auzoan lokal hutsak zeudela eta, batez ere, auzo bizitza itzaltzen ari zela salatzeko sortu zen SUmendi"
Dorleta Pumar
Gasteizko auzo berezia da Judimendi bertan hazi edo bizi izan direnentzat. Bere muga ofizialen barruan 5.800 biztanle inguru bizi diren arren, auzo mugakideetako bizilagun askorentzat sozializaziorako gunea izan da betidanik. Langile auzoa da, bizitzaz betea, auzo berrien mesedetan azken hamarkadan zehar 500 biztanle inguru galdu baditu ere.
Judimendiko Gazte Asanblada 1999. urteko udaberrian jaio zen, eta hainbat belaunalditako ehunka gazte bildu ditu bi hamarkada hauetan zehar. Denbora horretan, auzoa bizirik mantentzeko ekarpena egin dute modu batean edo bestean, auzoko gazteen arazoei aurre egiten, sareak josten, kultura eta aisialdia bultzatzen edo jaiak antolatzen.
Gazte asanbladaren aldarrikapen historikoa izan da betidanik gazte lokalaren beharra. Lehenengoa 2002an inauguratu zen; gaztetxeen loraldiaren garaia zen, baina okupatzeko indarrak ez zituztela ikusita, lokal handi bat alokatu zuten hainbat urtez. Hurrengo belaunaldiak hutsik zegoen eraikin bat okupatu zuen 2009an, Judimendiko parkean; hilabete besterik ez zuen iraun, baina hazia erein zuen, eta 2011tik aurrera gero eta jende gehiago hurbiltzen hasi zen asanbladara.
Txinparta bat auzoaren bihotzean
Bost urte igaro dira jada Judimendiko gazte utopiko horiek SUmendiren lehen txinparta piztu zutenetik, Benito Ginea kalean abandonatutako garaje batean, auzoaren bihotzean. "Gazte asanbladaren Ateak ireki dinamikatik sortu zen, auzoan lokal hutsak zeudela eta, batez ere, auzo bizitza itzaltzen ari zela salatzeko", azaldu du Dorletak.
"Lehen urteko helburua lokala atontzea eta espazioari bizia ematea izan zen, baita epe luzerako helburuak finkatzea ere"
Soraya Castañeda
2016ko ekainaren 23an okupatu zuten lokala, San Juan gauean bertan eta auzoko jaien testuinguruan. Lau hilabetez lan egin zuten lokala txukuntzen, isilpean, baina urriaren 28an bost eguneko auzolana deitu zuten, SUmendi Espazioaren ateak behingoz auzoari irekitzeko. Sorayak kontatu duenez, lehen urteko helburu nagusia "lokala atontzea eta espazioari bizia ematea izan zen, baita epe luzerako helburuak finkatzea ere, proiektua definitzeko".
Orduz geroztik, gazte asanbladaren eta SUmendiko asanbladaren bideak autonomoak izan dira; lehenengoak auzoari zuzendutako dinamikak antolatzen dituen bitartean, bigarrena lokalaren kudeaketaz arduratzen da. Hala ere, etengabeko lankidetza dago bien artean, azken finean problematika berari erantzuteko helburua dutelako.
Laba harri bihurtu eta auzoan errotu
2016an piztutako su txiki hori indartzen joan da bosturteko honetan, eta ehunka jarduera antolatu dira lokalean: auzolanak, tailerrak, bazkariak, kontzertuak, solasaldiak, topaketak, formakuntzak, kultur emanaldiak, azokak... Proiektu askoren habia ere izan da: "Dantza taldea, serigrafia tailerra, talde feminista eta aisialdi taldea" aipatu ditu Sorayak, besteak beste. "Gainera, eragile asko eta oso jende anitza etorri da bere jardun militantea aurrera eramateko, bilerak edo pankartak eginez", azaldu du.
Gazteak izan dira proiektuaren ardatza, baina umeentzako zein auzoko nagusientzako hamaika jarduera ere antolatu dituzte, "belaunaldiarteko sare bat" osatuz. Harreman horiei esker, Batuta elkartasun sarea jaio da auzoan apirilean, pandemiaren hasierako Batera zaintza sare herritarraren esperientziatik abiatuta.
"Hasieran zaila izan zen artisauen azoka aurrera eramatea, baina lortu dugu sare bat sortzea"
Dorleta Pumar
Urtero antolatzen duten artisauen azoka nabarmendu nahi izan du Dorletak: "Hasieran zaila izan zen aurrera eramatea, batez ere ez genituelako artisau asko ezagutzen. Baina urtez urte egin ostean, lortu dugu sare bat sortzea beraiekin, eta horri esker artisauek aukera dute auzoan beraien artea erakusteko eta baita sormena sustatzeko".
Urtemuga ospatzeko gutunean diotenez, "kapitalaren mamuak dena irentsi nahi duen mundu honetan, aisialdi alternatiboa eta komunitatea eraikitzea izan da helburua". Bide horretan "hanka-sartzeak" ere izan dituztela aitortu dute, baina harrotasunez diote asmatu izan dutela "auzotarrentzako espazio autogestionatu, sortzaile eta kritiko bat eraikitzeko bidean".
"Egia da espazio itxi bat dela eta horrek lotsa eman dezakeela hasieran; baina SUmendi auzokide guztiona da, eta jendea erakartzeko saiakera hori egiten du", dio Sorayak. Dorletaren kasuan, talde feministaren eta gertuko lagun batzuen bitartez ezagutu zuen proiektua: "Jendeak SUmendi ezagutzen du eta auzoaren babesa dugu, baina askok ez dakite zehazki zertarako erabiltzen den. Nire ustez, hurbiltzea eta gertutik ezagutzea da gakoa", esan du.
Pauso bat atzera, bi aurrera
Hiru urteko ibilbidearen ostean eta jauzi bat emateko asmoz, 2019ko azaroaren 23tik abenduaren 5era bitartean bi asteko "ufada" antolatu zuten, askotariko jarduerekin. Hala ere, azaroaren 27an, Ertzaintzak lokala hustu eta itxiarazi zuen, jabeen baimenik ez zutelako. EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Otero larrialdi klimatikoari buruz eskaintzen ari zen hitzaldi baten erdian, Poliziak jendea kanporatu zuen eta lokaleko atean giltzarrapo bat jarri.
"Ate bat ixtean, beste asko irekitzen dira", ohartarazi zuten SUmendiko kideek, eta handik bi egunera berrokupatu zuten erabilerarik gabeko lokala, antolatutako egitarauarekin jarraitzeko. Horrekin batera, espazio autogestionatuaren aldeko elkartasun kanpaina abiatu zuten, auzoaren babesa ikusarazteko asmoz.
Bost urte eta gero...
Desalojo saiakeratik lau hilabetera pandemia iritsi zen, eta, horrekin batera, etenaldia eta itxiera. Urte zaila izan da, baina konfinamendua arinduz joan den heinean, jarduera berreskuratu eta hilero ekintzak antolatu dituzte; tartean, escape room bat edo, apirilean, artisauen azokaren azken edizioa.
"Azoka oso potentea izan zen, jende asko gerturatu zen", gogoratu du Sorayak, pandemiaren unerik txarrenen osteko berpizkundea ospatuz. "Gainera, eragile asko SUmendira gerturatu dira azken hilabeteetan, batez ere Gasteizko Gaztetxearen itxieraren ostean, eta horrek kolektibo horiekin genituen harremanak sendotu ditu".
"Zer eskaini ahal dio SUmendik auzoari?", galdetu dio asanbladak bere buruari
Kopuru zehatza asmatzera ausartu ez diren arren, gaur egun "jende pilo batek" osatzen du SUmendiko komunitatea, dinamika batean edo bestean parte hartzen. Horrekin batera, lantalde txikiago bat arduratzen da eguneroko kudeaketaz eta hileroko egitaraua antolatzeaz.
Azken aldian, hausnarketa prozesu sakona abiatu dute proiektuaren norabidea zehazteko, ziurgabetasunez beteriko etorkizunari begira. "Zer eskaini ahal dio SUmendik auzoari?", galdetu dio asanbladak bere buruari. Erantzunak su motelean kozinatzen eta bizilagunen proposamenak jasotzen ari dira orain. Irailean proiektuak martxa berri bat hartuko duela aurreratu dute. Adi ibili beharko gara, beraz. "Denborak esango digu bide onetik goazen".
...auzoa bero-bero
Proiektuaren norabide berriari forma eman bitartean, ospakizun hirukoitza izango dute ekainean, udako solstizioak piztutako sugarrarekin batera.
Alde batetik, Judimendiko jaiak ekainaren 23tik 27ra bitartean ospatuko dira, asteazkenetik igandera. Askotariko jarduerak antolatu ditu jai batzordeak: akelarrea, kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak... eta, nola ez, Gazte Eguna, ekainaren 26an. Gainera, kontzertu ugari eskainiko dira auzoko eskolan, segurtasun neurrietara egokitutako Terraza Herrikoian.
Giroa berotzen joateko, dagoeneko martxan da Judimendiko Gazte Asanbladak ekainaren 13tik 17ra bitartean antolatutako Aste Kulturala. Besteak beste, kirola, espazio publikoa, euskara, sorkuntza eta kontsumoa izango dituzte ardatz, ekintza, tailer eta hitzaldi ugariren bitartez.
"Bost urte daramatzagu auzoari su ematen, eta bero hori ematen jarraituko dugu"
Soraya Castañeda
Esku artean genuen gaiari berriro helduz, SUmendik bere bosgarren urteurrena ospatuko du ekainaren 19an; hain zuzen ere, aste kulturalaren eta auzoko jaien artean. Bost urte eta gero, SUmendin bero-bero izango da SUmendi Egunaren leloa: "Bost urte daramatzagu auzoari su ematen, eta bero hori ematen jarraituko dugu", azaldu du Sorayak.
Egun osoko egitaraua antolatu dute 11:00etatik aurrera. Ordu horretan, Berrogeialdiko distopia izeneko antzerki tailerra egingo dute SUmendin bertan, Janire Palacios Blancoren (@janirelenny) eskutik. Ondoren, 12:30ean, Judimendiko parkera mugituko dira betiko jolasetan aritzeko: baloi errea, teka, bote-bote... Azkenik, 17:30ean, ospakizun ibiltaria antolatu dute, SUmenditik hasita eta auzoan zehar: "Hiru erronka, lau plaza eta bost topa", aurreratu dute, gerturatzeko gonbidapena herritar orori zabalduz.
"Pandemiagatik, aurten ez dugu bazkaririk egingo, baina datorren urtean egin ahal izango dugula espero dugu", amaitu du Sorayak.