Gasteiz Antzokiko errotuluak gaztelania hutsean daudela salatu dute

Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 18:00
Hedabideentzako bisita Gasteiz Antzokira, joan den astean. / ALEA

Obrak amaituta egon arren, Izaskun Arrue Kulturguneko errotuloak euskarara itzuli beharko dituzte ireki baino lehen. "Pentsatu nahi dut datozen asteetan konponduko dela", ziurtatu du Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziak.

2023ko urte hasieran irekitzeko prest dago Izaskun Arrue Kulturgunea. Aurretik, baina, Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea hartuko dituen eraikina materialez hornitu eta proiektu kulturala esleituko dute. Gainera, horrez gain, beste zeregin bat izango du Gasteizko Udalak proiektuak argia ikusi baino lehen: Zikotz SA enpresak instalatu dituen errotuloetan euskara bermatzea, eraikin publiko guztietan elebitasuna bermatzea derrigorrezkoa baita.

Izan ere, irteera ("salida) eta sute-ahoa ("boca de incendios") bezalako errotuloak gaztelania hutsean daudela salatu du Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak Udalean, urriaren 18an udal talde politikoek egindako bisitaren ostean. "Ez da onargarria edozein eraikin publikotan, baina are gutxiago Euskararen Etxean", salatu du.

Horren aurrean, Iñaki Gurtubai alkateorde eta Euskara zinegotziak (EAJ) aitortu du berak ere akatsa ikusi zuela, eta "pazientzia" eskatu du arazoa konpontzeko. "Oraindik amaitu gabe dago, asko falta da. Baina enpresak egin duena ez dugu onartuko. Pentsatu nahi dut datozen asteetan konponduko dela; enpresa behartuta dago. Bestela, ez dugu obra amaitutzat emango", ziurtatu du Gurtubaik.

Gainera, Euskara zinegotziak azaldu duenez, euskalgintzako eragileek lanerako erabiliko dituzten eremu eta geletan, errotulo guztiak euskara hutsean egongo dira; eremu publikoetan, berriz, bi hizkuntzak erabiliko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide