Irabazi-asmorik gabeko erakunde batek kudeatuko du Gasteiz Antzokia

Erredakzioa 2022ko urr. 21a, 13:15

Izaskun Arrue Kulturgunea hartuko duen eraikinaren obrak amaitu dira jada. / ALEA

Izaskun Arrue Kulturgunea kudeatzeko proiektuak aurkeztu nahi dituzten elkarteek lau urterako esku-hartze programa bat planteatu beharko dute. Bere aldetik, Udalak 315.000 euroko ekarpena egingo du urtero.

Asteartean antolatutako hedabideentzako bisitan Gorka Urtaran alkateak iragarri zuenez, ostiral honetan Izaskun Arrue Kulturgunea kudeatzeko proiektuak aurkezteko lehiaketa martxan jarri du Gasteizko udal gobernuak, eta deialdiaren oinarriak jakinarazi dituzte. Funtsean, kulturaren arloko irabazi-asmorik gabeko erakunde batek kudeatuko du azpiegitura berria.

Prozesu horren amaieran hautatutako elkarte, fundazio edo kooperatibak hitzarmen bat sinatuko du Gasteizko Udalarekin, eta ekipamendu berria ustiatuko du. Gobernu Batzordeak ontzat eman duen pleguaren arabera, Ruiz de Bergara Jauregian garatuko den proiektuak "Gasteizen euskararen erabilera normalizatzen lagunduko du, kulturaren bidez". Beraz, proiektuak euskararen erabilera sustatu beharko du, baita euskarazko aisialdirako alternatibak sortu, zabaldu eta sustatu ere.

Kulturgune berriaren jarduera motak hiru izango dira gutxienez: kulturalak (kontzertuak, antzerkia, bertso-saiak, dantza...), prestakuntzakoak (ikastaroak, tailerrak, jardunaldiak...) eta ezagutza sustatzera bideratutakoak (hitzaldiak, erakusketak...).

Lehiaketara aurkezten diren erakundeek lau urterako esku-hartze programa bat planteatu beharko dute, eta, horrekin batera, lehen urterako programa operatiboa eta jarduera zehatzagoak. Erakunde horiek 30 eguneko epea izango dute beren planteamenduak erregistratzeko, oinarriak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik.

Udalak jauregi berritua hautatutako proiektuaren esku jarriko du, herri-jabariko emakida baten bidez. Erakunde esleipendunak azpiegiturako espazioak beste batzuei laga eta alokatu ahal izango dizkie, hala nola ostalaritza-jatetxearena, jarduera horretatik sor daitezkeen diru-sarrerak kultur proiektua finantzatzeko erabil daitezen.

Gainera, Udalak 315.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du urtero (eta urtero berrikusiko da) kultur proiektua eta programazioa gauzatzeko, Ruiz de Bergara jauregia eraberritzeko 2,6 milioi euroko inbertsioa egin ostean.

Azkenik, hurrengo asteetan, beste bi kontratu aterako dituzte lizitaziora: azpiegitura berrirako altzariena eta ikus-entzunezko baliabideena.

"Gasteiz Antzoki berriak herritarrei irekitako gunea izan beharko du, anitza, parte-hartzailea eta sortzailea", aldarrikatu du Urtaranek. "Izaskun Arrue Kulturguneak euskarazko edukiez gozatu eta hizkuntza ohitura berriak sortu ahal izateko gune bihurtu beharko du, baina baita gasteiztar guztiei irekita egongo den topagune ere. Gure hizkuntzarentzako etxe berri bat nahi dugu, sentitu, dantza egin, jendea ezagutu, ondo pasatu... ahal izateko tokia".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago