Euskaraldia berotzeko jarduerak antolatu dituzte Gasteizen

Erredakzioa 2022ko ira. 30a, 13:15
Tor Magoa urriaren 8an izango da Boulevard merkataritza zentroan. / Argazkia: TOR MAGOA

Euskaraldiaren hirugarren ediziorako atzera-kontaketa martxan da, eta Gasteizen askotariko ekitaldiak izango dira urrian zehar: besteak beste, batzorde irekiak, kirol erakustaldiak eta Tor Magoaren ikuskizuna.

Aste honetan, aurtengo ariketan parte hartzeko izen-ematea ireki du Euskaraldiak. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da, baina motorrak berotzen hasi dira, herriz herri eta auzoz auzo, eta Gasteiz ere ez da atzean geratuko. Izan ere, GEU Elkarteak eta Gasteizko Euskaraldiak jarduera sorta bat antolatu dute urrirako.

Bilera irekiak

Alde batetik, urriaren 8tik 20ra bitartean, ekainean martxan jarritako auzoetako batzorde irekiak deitu dituzte berriz ere, auzoetan Euskaraldiaren lanketan parte hartu nahi duen ororentzat:

  • Urriak 4, asteartea, 18:30: Zaramaga - Aranbizkarra, Amaia Zentroan
  • Urriak 5, asteazkena, 18:30: Txago - San Martin - Gazalbide, IKA Euskaltegian (Adriano VI.a)
  • Urriak 5, asteazkena, 18:30: Erdigunea - Babesgabeak, Ignacio Aldekoa Kultur Etxean (Florida)
  • Urriak 10, astelehena, 18:30: Zabalgana - Ariznabarra, Zabalganako gizarte etxean
  • Urriak 10, astelehena, 18:30: Judimendi - Arana, Judimendi gizarte etxean
  • Urriak 11, asteartea, 18:30: Olarizu - Adurtza, Hegoalde gizarte etxean
  • Urriak 11, asteartea, 18:30: Salburua, Salburua gizarte etxean
  • Urriak 17, astelehena, 18:30: Alde Zaharra, Montehermoso Jauregiko Salcedo gelan
  • Urriak 18, asteartea, 18:30: Arriaga-Lakua, AEK-Zadorra euskaltegian
  • Urriak 20, osteguna, 18:30: Abetxuku, Auzo Elkartean

Edozein zalantza argitu, edozein galdera egin edo ekarpenik egiteko, 688 74 30 86 telefono zenbakia eta euskaraldiagasteiz@gmail.com helbide elektronikoa dituzte martxan.

Marka eta erronka kirolean

Bestalde, kirol munduak Euskaraldiarekin bat egingo du, eta kirol entitateetan ariguneak sortzeko azken bultzadatxoa emateko hainbat ekintza izango dira urriaren 6an eta 7an. Parte-hartzaileak 16 urtetik gorakoak izan beharko dira.

Hilaren 6an, ostegunean, kirol erakustaldia eta klaseak izango dira arratsaldez, entitate bakoitzaren eremu naturalean. Parte-hartzaileek ahobizi eta belarriprest identifikagarriak eramango dituzte. Entitate bakoitzak bere saioaren zatitxo bat grabatu edota argazkiak aterako ditu, eta sare sozialetara igo, #KirolaEuskaraldia eta #EuskaraldiaGasteiz traolak baliatuz. Ondoren, GEU Elkarteak bideo-laburpen bat sortuko du.

Ostiralean, hilaren 7an, aurreko eguneko bultzada aprobetxatu eta kirol ginkana parte-hartzailea egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan, 17:30etik 19:30era bitartean: besteak beste, errugbia, eskubaloia, saskibaloia eta eskupilota izango dira. Amaieran, zunba saio masibo batean parte hartuko dute, denak batera dantzatzeko.

Familientzako ikuskizunak

Urriaren 8an eta azaroaren 5ean, familientzako eta adin guztientzako bi ikuskizun izango dira Boulevard merkataritza zentroan: lehenengoa Tor Magoaren ikuskizuna izango da,18:30ean; bigarrena zehazteke dago oraindik. Biak Boulevard-eko kupulako hallean ospatuko dira, eta sarrera askea eta doakoa izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide