Euskaraldiaren izen-ematea martxan, "txapa eta txapak" emateko prest

Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 21:00
Euskaraldiaren izen-ematea irekitzeko ekitaldia, Bilboko Kafe Antzokian. / TOPAGUNEA

Bi hilabete baino gutxiago falta dira. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta ahobizi edo belarriprest egiteko aukera zabalik dago jada. Entitateek, berriz, urriaren 31 arteko epea dute ariguneak jakinarazteko.

Badator, badator. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean, Hitzez ekiteko garaia lelopean, hizkuntza ohiturak aldatzeko Euskaraldia ariketa sozial masiboa egingo dute Euskal Herri osoko milaka belarriprest eta ahobizik, baita taldean ere, entitateetan osatu diren eta osatuko diren ariguneetan.

Herrietako batzordeetako kideek, entitateetako arduradunek, euskalgintzako eta gizarte alorreko kideek eta erakundeetako ordezkariek izen-ematea zabalik dagoela iragarri dute asteazken honetako arratsaldean, Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldi batean. "Aurten txapa emango dugu, eta txapak emango ditugu", esan du txantxetan Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak.

Gaurtik aurrera, ariketan parte hartu nahi duten norbanako guztiek ariketan izena emateko aukera dute, ariketa bera hasi arte. Aurten, aurreko urteetan izena eman zutenek, parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko, webgunean bertan edo posta elektronikoan jasoko dituzten mezuen bidez. 

Belarriprest? Ahobizi?

EMAN IZENA HEMEN

Euskarak "gero eta leku zabalagoa"

Mirari Martiarena eta Kepa Errastiren gidaritzapean, ekitaldiaz gozatu dute bertaratuek: bakarrizketak, herri batzordeetako kideen ekarpenak, Zirkuolako kideen eskutik ikuskizuna, erakundeetako ordezkarien hitzartzeak eta Liher taldearen musika emankizunaz gozatzeko aukera izan dute, besteak beste.

"Beste behin ere, lortu nahi dugu herritarren hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskarak gero eta leku zabalagoa izan dezan", azaldu dute egitasmoaren antolatzaileek.

Ariguneak

Entitateetan ariguneak osatzeko eta izena emateko epea maiatzean hasi zen, baina horretarako aukera zabalik dago oraindik, urriaren 31ra arte. Mota guztietako entitateek parte har dezakete talde moduan: dendak, elkarteak, kirol taldeak, enpresak edota erakundeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide