Euskadi Irratiko Faktoria saioan ordu erdiko elkarrizketa sakona eskaini du Larrionek, asteazken honetako 08:30ean. Duela urte eta erdi baino gehiago, 2021eko otsailaren 22an, Ertzaintzaren ikerketa baten ondorioz dimisioa aurkeztu zuen EH Bilduren Gasteizko zinegotzi, bozeramaile, alkategai eta legebiltzarkide izandakoak.
Beranduago, aurtengo maiatzean, epaileak frogatutzat eman zuen 2020ko abendutik 2021eko otsailera bitartean alderdikide baten identitatea ordeztu zuela, eta bere datu pertsonalekin kontu korronte bat, telefono linea bat, helbide elektroniko bat eta posta-kutxa bat ireki zituela. Azkenik, aurten erdietsitako akordio baten ondorioz, epaileak hiru urteko espetxe zigorra eten eta lan komunitarioengatik ordeztea onartu zuen uztailean, "delituetan eragina izan zuen nahasmendu psikikoaren edo nahasmendu mentalaren aringarri analogiko bat" aintzat hartuz.
Babesa eta ankerkeria
Iazko otsailetik eskainitako lehen elkarrizketan, hain zuzen ere, buruko osasunari buruz eta pairatutako buruko gaitzetik osatzeko prozesuari buruz hitz egin du Larrionek elkarrizketan; horretarako, psikiatra baten laguntza izan du. "Ez naiz ezkutatuko, eta ez naiz burua altxatu gabe egongo", adierazi du zinegotzi ohiak, eta eskerrak eman ditu denbora honetan "gizartean, hedabideetan eta sare sozialetan" jasotako babesagatik.
Elkarrizketan, halaber, gertatutakoa aitortu egin du: "Momentu batean, lankide baten diru-zorroa aurkitu nuen, eta pentsatu nuen hori zela nire arazoaren irtenbideetako bat. Mehatxatuta sentitzen nintzen, uste nuen arazo baten aurrean nengoela, eta behar nuela irtenbide bat". Baina Larrionek uste zuen "lankideari ez ziola minik emango", berarentzat "azalpen bat zegoen".
"Baina azalpena nire buruan zegoen", esan du Larrionek. Garai hartan, astegun guztietan lan egiten zuen, eta estres egoera gogor batean jasandako "erasoen" ondorioz, "trauma osteko estresaren nahasmendua" zuela eta "disoziatuta" zegoela azaldu du.
Hala ere, deitoratu du "ankerkeria" eta "sufrimendua" ere bizi izan dituela: "Baina ezin dut ukatu kontrakoa ere gertatu dela. Egon da gaia ankerkeriaz tratatu duena, edo ezikusiarena egin duena. Batzuek nahiago lukete ni bezalakoak zigor permanentean bizitzea, uneoro ordaintzen egotea, edo ni desagertzea", kritikatu du.
Ohiko bizitzara itzulera
Bestalde, Larrionek etorkizunari buruz hitz egin du ere: "Politika, zentzu zabalean, nire zainetan dago. Beste gauzetatik urrun biziko naiz". Izan ere, elkarrizketaren hasieran azaldu du "normalitatearen aukeraren aurrean" dagoela, eta datorren astean Unibertsitatera itzuliko dela, ingeniaritza irakasle gisa lan egitera.
Pixkanaka hedabideak kontsumitzera itzuli dela azaldu du ere: "Hasieran, bat ere ez. Gero, The Guardian irakurtzen nuen. Gero jada La Vanguardia. Gero izan zen Le Monde Diplomatique. Eta jada Berria; bai, orain jada Berria ere irakurtzen dut, duela hilabete batzuk. Baina gauza batzuk ez ditut irakurtzen".