Epaileak Miren Larrionen espetxe zigorra eten eta lan komunitarioengatik ordeztu du

Erredakzioa 2022ko uzt. 11a, 12:15

Miren Larrionek dimisioa aurkeztu zuen 2021eko otsailean. / ALEA

Miren Larrionen hiru urteko espetxe zigorra bertan behera utzi du epaileak. Horren ordez, 250 egunez lan komunitarioak egin eta 2.800 euro ordaindu beharko ditu EH Bilduko zinegotzi ohiak, alderdikide baten identitatea ordezteagatik.

Astelehen honetan Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, guztiz ebatzita gelditu da Miren Larrionen auzia. Izan ere, Roberto Ramos epaileak onartu du espetxe zigorra eteteko eta lan komunitarioengatik ordezteko EH Bilduren zinegotzi ohiak egindako eskaera.

Maiatzean, hiru delituren —agiri publikoa faltsutzea, egoera zibila usurpatzea eta ebasketa arina— egiletza aitortu eta hiru urteko espetxe zigorra onartu zituen Larrionek. Epaileak frogatutzat eman zen 2020ko abendutik 2021eko otsailera bitartean alderdikide baten identitatea ordeztu zuela, eta bere datu pertsonalekin kontu korronte bat, telefono linea bat, helbide elektroniko bat eta posta-kutxa bat ireki zituela. Ertzaintzaren ikerketa argitara atera zenean, dimisioa aurkeztu zuen Larrionek, 2021eko otsailean.

Ostiralean sinatu eta astelehen honetan jakinarazitako auto judizialaren arabera, hiru urteko espetxe zigorra etenda geratuko da, eta, beraz, Larrion ez du espetxera joan beharko. Horren ordez,  250 egunez lan komunitarioak egin beharko ditu, baita 2.835 euroko isuna ordaindu ere, hilean gehienez 150 euroko ordainketak eginez.

Gainera, epaileak aintzat hartu du "delituetan eragina izan zuen nahasmendu psikikoaren edo nahasmendu mentalaren aringarri analogiko bat", baita Larrionek gaur egun izapidetze psikologikoan jarraitzen duela ere.

Betiere, magistratuak ezarritako baldintzak betetzen badira: lehen aldiz delitu egin izana, biktimari 50 euroko kalte-ordaina ordaintzea, eta lau urtez berriro deliturik ez egitea.

Lan komunitarioen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen zigorrak betearazteko zerbitzura pasako da orain. Bertan erabakiko dute Larrionek non eta zer baldintzatan bete beharko dituen lan horiek, bere profila aztertu ostean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago