Zazpi kontzerturekin itzuliko da Jalgi Voz jaialdia

Erredakzioa 2022ko ira. 9a, 10:00
2021eko edizioaren emanaldietako bat, Dazz Jazz Clubean. / Argazkia: JALGIVOZ.eus

Irailaren 23tik urriaren 28ra bitartean, Jalgi Voz jaialdiaren bigarren edizioak musika lirikoa eta klasikoaren festa ekarriko du Gasteiz, Araia, Amurrio eta Izarrara, zazpi proposamenekin.

2021ean jaio zen Jalgi Voz jaialdia, Maite Arciniega eta Ane Ruiz de Gordoa zuzendari artistiko gazteen eskutik, eta musika lirikoa eta klasikoa berraurkitzeko helburuarekin. Orain, ikasturte berriarekin batera, bigarren edizioa iritsiko da; hilaren 23an hasiko da, musika eta zinea batuko dituen ikus-entzunezko errezitaldi batekin.

Musika liriko eta klasikoaren festa handi honek izendatzaile komun bat izango du: "Hitza musika bihurtu, arreta berezia jarriz lirikari eta klasikoari", azaldu dute Dzast Kultura Elkarteko kideek. Vital Fundazioaren babesletza eta Udalaren zein Aldundiaren laguntza duen ekimenak "giza ahotsa ardatz nagusi izango duten mundu estetiko eta soinu-mundu berriak ezagutaraztea du helburu, formatu, espazio, estetika eta interpreteei buruzko askotariko kultura proposamen bidez".

Lehenengo ekitaldia irailaren 23an izango da, 20:00etan, Vital Fundazioa Kulturunean, Dendaraban, La Paz kaleko 5. zenbakian, lehen solairuan, musika eta zinema bateratzen duen ikus-entzunezko emanaldi batekin. Guztira askotariko zazpi proposamen eskainiko ditu programak, urriaren bukaera bitartean.

Jaialdiak kontzertuen jarraipen bat izatetik aldendu eta proposamen artistikoetan originaltasuna eta berrikuntzaren alde egin nahi du, formatuak zalantzan jarri eta lirikari lotutako formatuak, tokiak, errituak eta kanonak urratzeko helburuarekin. Horrekin batera, eragile gazteen presentzia areagotzearen alde egin dute.

Abonamenduak eta sarrerak

Jaialdirako abonamenduak irailaren 1etik 10era erosi ahal izango dira hiru modalitatetan:

  • Estandarra (48 euro): kontzertu guztietarako sarrera + tote bag bat jaialdiaren kartelarekin.
  • Premium (75 euro): kontzertu guztietarako sarrera + bi ikuskizuneko bi disko + tote bag bat jaialdiaren kartelarekin.
  • Premium Mezenas (100 euro): kontzertu guztietarako sarrera + bi ikuskizuneko bi disko + tote bag jaialdiaren kartelarekin + jaialdiari laguntza.

Edozein ikuskizunerako sarrera solteak hilaren 10etik aurrera egongo dira eskuragarri www.jalgivoz.eus webgunean.

Egitaraua

  • Irailak 23, ostirala, Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean / Irailak 24, larunbata, Araiako Andramari aretoan
    Ahozko musika - Neguko bidaia
    F. Schuberten Lied ziklo homonimoan oinarritutako Ines Garciaren filmaren zuzeneko musikalizazioan oinarritutako ikus-entzunezko emanaldia. 24 abestiz osatutako bilduma honek pertsona baten bizitza kontatzen du. Pertsona horrek elurtutako paisaia hotzetan zehar bidaiatzen du, maitaleak baztertu ondoren.
  • Urriak 1, larunbata, Amurrioko Antzokian / Urriak 2, igandea, Gasteizko Oihaneder Jauregiko Klaustroan
    Ahotsak harmonian - Hanfris 10
    Acapella ahozko musika ikuskizunei tokia egin nahi die jaialdiak, ahotsa, guztietatik tresna demokratikoena, ikusgarria, anitza, osoa eta konplexua izan daitekeela erakutsiz, beste ezerk osatu beharrik gabe. Ikuskizunak Kataluniako Babershop talde ospetsu eta gaztearen sorreraren 10. urteurrena ospatzen du. Musika oneneko 75 minutu, Disneyren piezen, Jazzeko Standarden, pop arrakasten... konponketa eta harmonia berriekin; egun honetarako konposatuak eta ekitaldi horretarako konposatutakoak, eta gidoi original eta dibertigarri batez lagunduak.
  • Urriak 8, larunbata, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioko areto nagusian
    Lirika letra larriz - Albeniz: konpositore baten ekosistema
    Nazioarteko panoraman goraipatutako ahots lirikoetako batzuk ekarriz eta, aldi berean, tokiko talentu erraldoia ezagutzen lagunduz, arabar jatorria duen Isaac Albeniz konpositorearen piano eta ahotseko emanaldia eskainiko du jaialdiak, egun nazioarteko mailan ospe handieneko bi interpreteren eskutik: Iñaki Encina (Gasteiz) eta Adriana Gonzalez (Guatemala). Principal Antzokiaren Ganbarako Zikloarekin elkarlanean.
  • Urriak 16, igandea, Gasteizko Dazz Jazz Clubean
    Cata de Lied + Song Jam - Come to the Cabaret
    Formatu arrakastatsuenetako bat: Lied (ahots eta piano konposizioen genero klasikoa) kontzertu laburrak, eta ostean saio irekiak, musika modernoaren berezkoa, baina oraingoan musika lirikoaren alorrera eramanda. Kontzertura doazen guztiak eszenatokira igo daitezke abestiaren generoa ulertzeko eta interpretatzeko modu partikularra partekatzeko. Mikel Uskolak eta Joana Otsoa de Alaizak, Come to the Cabaret ikuskizunean, kabaret generoaren pieza ospetsuenetan murgiltzeko apustua egin dute, eta, definizioak dioen bezala, musika klasikoaren zenbait molde apurtzeko apustua egin dute.
  • Urriak 20, osteguna, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioko areto nagusian
    Beste erreferente batzuk ezagutuz - Kashmiri
    Beste erreferente batzuk ezagutuz, ikerketarako eta musika-erreferenteen aldarrikapenerako espazio gisa diseinatutako proposamena, musika klasikoaren historiaren kontaketatik haratago. Kashmiri musika klasikoko konpositore gay, lesbiana eta bisexualen bizipenetan eta musikan inspiratzen den antzeztutako errezitala da; haien abesti intimoetako batzuek osatzen dute, kolektiboko poeten poemekin tartekatzen direnak. Christian Borrelli (kontratenorra), Cristina Presmanes (pianoa) eta Pedro Chamizoren (zuzendaritza eszenikoa) eskutik.
  • Urriak 23, igandea, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan
    Jalgi! Classic lounge – Jalgi! Jazz classic
    Formatu honek musika klasikoa rock aretora batzen du. Erronka bat inguru ezberdin batean aritu behar den musikariearentzat eta ohiturak hautsi behar dituen entzulearentzat. Kontzertu honetan, J. S. Bach, M. Ravel, A. Ginastera, G.Gershwin, N. Kapustin edo J. G. Sarmientoren lanen bitartez jazzaren munduak eta musika klasikoarenak elkarren artean nolako elkarregina izan duten deskubrituko da, Itxaso Sainz de la Maza pianista gazte eta entzutetsuak interpretatutako eta iruzkindutako kontzertuan.

  • Urriak 28, ostirala, Jesus Ibañez de Matauko Antzokian (Gasteiz) / Urriak 29, larunbata, Izarrako Antzerki aretoan
    Jalgi! Edu: Mozart & Memes
    Ikuskizun dibulgatzaile eta hezigarria, kontzertu pedagogikoa, egungo kontzeptua eraldatzen duten estrategia berritzaile eta ludikoen bitartez. Musika klasikoak berekin dakartzan aurreiritzi guztiak hankaz gora jartzen dituen ikuskizuna, publikoarengana modu original eta berritzailean gerturatuz: interneteko memeen bidez uler daiteke musika. Horrez gain, publikoa eta interpretatzaileak denbora errealeko web plataforma batean topatzen dira, eszenatokian gertatzen dena musikarien esku soilik ez dagoelarik. Ikuskizunaren ostean hausnarketa dator: "Musika klasikoa egungo mundutik hain urrun dagoen generoa da? Musika honek bat egiten du egungo publikoaren interesekin?". Andrea Vilar (pianoa), Diego Segade (biola) eta Marcos Castedoren (klarinetea) eskutik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide