Jalgi Voz jaialdia jaio da, musika lirikoa eta klasikoa berraurkitzeko

Erredakzioa 2021ko mar. 22a, 13:15
Maite Arciniega eta Ane Ruiz de Gordoa, jaialdiaren zuzendari artistikoak. / JALGI VOZ

Bi programatzaile gaztek Jalgi Voz ahots-musika jaialdi berria sortu dute Araban. Apiriletik ekainera bitartean, musika lirikoa eta klasikoa hurbilduko ditu gure lurraldera, askotariko proposamen berritzaile eta heterogeneoen bidez.

"Musika lirikoa eta klasikoa gure inguruan oraindik ere programazio egoki eta zabal baten bidez esploratzeko eta gozatzeko abagunea dagoela" sinetsita eta "musika bilakatu den hitzaren aukera amaigabeak esploratzeko", Ane Ruiz de Gordoa (Gasteiz, 1990) eta Maite Arciniega (Gasteiz, 1993) programatzaile gazteek proposamen berria diseinatu dute: Jalgi Voz Festival jaialdia. 2021eko apirilean, maiatzean eta ekainean garatuko da; batez ere Gasteizen, baina Arabako herrietara ere iritsiko da.

Jaialdiaren sustatzaileen arabera, "Jalgi! Voz ez da jada ezaguna den formatu klasikoa duten kontzertuen segida soila, baizik eta proposamen artistiko original eta berritzaileen aldeko apustua". Izan ere, musika klasikoari eta, bereziki, musika lirikoari lotutako "kultur praktiken formatuak, espazioak, erritoak eta konbentzioak urratzea eta zalantzan jartzea" dute helburu, "genero eta estiloen arteko mugak desitxuratzeko eta musika mota hauek sorkuntza berrietara zabaltzeko".

Helburu horrekin, besteak beste, formatu txikiko opera bat proposatuko du jaialdiak, giro intimista eta hurbilean. Horrekin batera, adibidez, piano klasikoko errezitaldi bat izango da rock areto batean, eta baita kantu lirikoko kontzertu bat ere, estilo horretako jam (classic) session saio batez jarraitua.

Zortzi proposamen

Hori guztia zortzi proposamenetan gauzatuko da. Jaialdia apirilaren 13an hasiko da Vital Fundazioa Kulturunea aretoan egingo den aurkezpen ekitaldiarekin. Bertan, jaialdiko zuzendari artistikoak izango dira, parte hartuko duten hainbat artistarekin batera; zuzeneko musika ere izango da ekitaldian.

Sarreren prezioa 5 eta 15 euro bitartekoa izango da, baina doako hainbat kontzertu ere izango dira. Martxoaren 31tik aurrera eskuratu ahal izango dira Jalgi Voz jaialdiaren webgunean.

Crowdfunding kanpaina

Jaialdiaren lehen ediziorako finantzaketa posible egiteko babesle ofizialak bilatzen dituzten bitartean, mikromezenasgo kanpaina bat jarri dute martxan. Webgunearen bidez egin daiteke ekarpena, eta askotariko diru kopuruekin lagundu ahal izango da. Ekarpen bakoitzaren arabera, sari ezberdinak eskainiko dituzte: Iñigo Fernandez de Pinedok diseinatutako jaialdiaren kartelaren ilustrazioa duen oihal-poltsa bat, jaialdiko kontzertuetarako sarrerak eta baita erabateko abonamenduak ere.

Ekoizpen operistiko originala eta modernoa, dramaturgia eguneratua duena eta formatu txikikoa, espazio ertain eta txikietan antzezteko aukera ematen duena, bere esentzia galdu gabe.

Ikuskizuna: Orfeo ed Euridice - American Version, 2021

Kokapena: Ortzai Antzokia.

Artistak: Iker Ortiz de Zarate (dramaturgia eta zuzendaritza eszenikoa), Mireia Tarrago (sopranoa), Miguel Gomez (kontratenorea), Ainhoa Lopez de Munain (sopranoa), Amaia Rodriguez (piano-jolea).

Datak: Apirilak 15, osteguna; apirilak 17, larunbata; apirilak 18, igandea.

Errepertorio klasiko eta tradizionalaren esperimentazioaren eta berrirakurketaren aldeko apustua egiten duten artisten proposamenei eskainitako kontzertua, gaur egun eskuragarri dauden musika-sorkuntzako teknologiak erabiliz eta musika estiloen mugetan kokatuz.

Ikuskizuna: A Boy & a Girl

Kokapena: Kultura Bizia Gunea - Iradier Arena.

Artistak: apirilak 23, ostirala.

Errenazimenduko eta barrokoko garaietako ahots-polifoniaren dibulgazioari eskainitako hitzaldi-kontzertua, errepertorio honen aukera espresibo amaiagabeak esploratzen dituena.

Ikuskizuna: Teatro di Alchimia

Kokapena: Santa Maria Katedrala (Gasteiz) / Bachicaboko Eliza (Gaubea).

Artistak: Eres-Alkimia (ahots-ensemblea), Jose Miguel Baena (itzulpena eta antzerkilaritza), Fernando Tamayo (hizlaria).

Datak: maiatzak 8, larunbata eta maiatzak 9, igandea.

Errepertorio klasikoa beste musika-estilo batzuk programatu ohi dituzten kontzertu-aretoetara eta ikusleengana hurbiltzen duen proposamen urratzailea.

Ikuskizuna: Lirismo estalia

Kokapena: Jimmy Jazz Aretoa.

Artistak: Marc Serra (piano-jolea).

Datak: maiatzak 14, ostirala.

Euskarazko testu eta poemetan oinarritutako errepertorioa ikertzen duen ahozko errezitaldia, bere bizikoa baita hizkuntza gutxituetan egindako artelanak aldarrikatzea eta plazaratzea.

Ikuskizuna: Euskal Hitzetatik Soinu Unibertsaleruntz

Kokapena: Oihaneder Euskararen Etxea.

Artistak: Miren Urbieta-Vega (sopranoa) eta Amaia Zipitria (piano-jolea).

Datak: zehaztu gabe.

Hitzen musikaltasuna eta musikaren literaltasuna aztertzen duen ikuskizun poetiko-musikala, hitz mintzatuaren eta hitz kantatuaren sonoritatea uztartzen dituena.

Ikuskizuna: El Nus la Flor

Kokapena: Baratza Aretoa (Vitoria-Gasteiz) / Andra Mari Aretoa (Araia).

Artistak: Enric Casasses (poesia eta errezitazoa), Daniel Ariño (piano-jolea eta konposagilea), Maria Mauri (abeslaria).

Datak: maiatzak 27, ostirala, maiatzak 28, larunbata.

Esklusiboki emakumeek idatzitako edo emakumeen obra poetikoan inspiratutako musika lirikoa zabaltzeko eta aitortzeko kontzertua.

Ikuskizuna: Inéditas

Kokapena: Vital Fundazioa Kulturunea.

Artistak: Eugenia Boix (sopranoa), Susana Garcia de Salazar (piano-jolea), Carmen San Esteban (antzezlea).

Datak: ekainak 4, ostirala.

Lied kontzertu laburra saio ireki batez jarraitua, jazz generoen berezko jam sessions ezagunen moduan, baina oraingoan musika lirikoaren esparrura eramanda.

Ikuskizuna: Lirika denontzako

Kokapena: Dazz Jazz Club (Gasteiz).

Artistak: Juan Laboreria (baritonoa) eta Leyre Saenz de Urturi (piano-jolea).

Datak: zehaztu gabe.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide