Euskal presoen urruntze politikaren aurkako protesta, Gasteizko jaien bezperan

Erredakzioa 2022ko abu. 3a, 19:30

Sare Herritarrak deituta, ehunka lagun bildu dira Gasteizen, Etxera bidea gertu lelopean, jaien bezperan euskal presoen Euskal Herriratze prozesua bururaino eramatea eskatzeko. Gainera, elkartasun ekimen ugari izango dira jaietan zehar.

Txosnetan elkartasun ekonomikoa gauzatzeaz gain, jaien bezperan presoen eskubideen aldeko eta salbuespeneko espetxe politikaren kontrako manifestazioa deitu du gaur Sare Herritarrak Gasteizen, Etxera bidea gertu lelopean. Izan ere, urriaren 8an manifestazio nazionala eta jaialdia izango dira Donostian, Izan Bidea dinamikari amaiera emateko; horren aurretik, mobilizazioak egingo dituzte hiriburuetan, Gasteizen ostean: abuztuaren 20an Donostian, eta hilaren 26an Bilbon.

"Duela urtebete, etapa garrantzitsu bat bete genuen. Guztion ahaleginari esker, gizartearen etengabeko aktibazioari esker, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak uztea lortu zen: Andaluzia, Murtzia, Levante eta Galizia", gogorarazi dute Joseba Azkarraga eta Blanca Martinez de San Vicente Sare Herritarreko bozeramaileek. "Lasaitasun apur bat ekarri zien hamarkada luzeetan senide presoak bisitatzeko kilometroak eta kilometroak egin behar izan dituzten familiei. Bidaia horiek kostu handia zuten, eta ez soilik ikuspegi ekonomikotik. Are garrantzitsuagoa den kostua ekarri zuten: errepideko istripuak eta biktimak".

Urruntze politikarekin amaitzeko prozesuan "aurrera egiten ari garela" azpimarratu arren, "bide luzea egiteko" dagoela ohartarazi dute, "euskal presoek eta haien senideek oraindik jasaten dituzten urraketa guztiak" atzean geratzeko. "Preso horietako asko Euskal Herriko espetxeetan egotea etapa bat baino ez da. Gaur egun, %28,3 urrun dago oraindik. Eta, okerragoa dena: gehienei ukatu egiten zaie espetxe politika arruntaren aplikazioa. Salbuespena araua da oraindik ere".

"Salbuespen egoera hori nagusi da prebarikazioa ardatz duen justiziaren jardunean. Jardun horren helburua mendekua aplikatzea da, eta ez justizia aplikatzea", salatu dute. "Berriro ere Auzitegi Nazionaleko fiskaltza salatu behar dugu, eskuin-mutur politikoaren beso juridikoa baita, eta etengabe errekurritzen baititu espetxeetako tratamendu batzordeen erabakiak, espetxeko hirugarren gradua eta baimenak onartu nahi direnean".

Horren guztiaren aurrean, "akordioak eta konponbide justuak" eskatu ditu Sarek.

Elkartasuna Gasteizko jaietan

Euskal presoen eskubideen aldeko aldarria presente egongo da Gasteizko jaietan. Bezperan Sare Herritarrak Etxera bidea gertu lelopean deitutako manifestazioaz gain, jai guztietan zehar Kalera Karpa izango da txosnagunean, eta abuztuaren 5ean Elkartasun Eguna ospatuko dute.

Elkartasun Eguneko egitaraua 15:00etan hasiko da, Landatxo kiroldegian egingo den herri bazkariarekin. 20:00etan ostiraleroko presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan; horren ostean, 20:30ean, kalejira bat abiatuko da plazatik txosnaguneraino, 21:00etan agertoki nagusian ekitaldia egiteko. Gau horretan, Nhil, Tremenda Jauria eta Sara Heberen kontzertuak izango dira txosnetako eszenatoki nagusian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago