Gasteiz Antzokiaren obrak abuztuaren hasieran amaituko dira

Erredakzioa 2022ko uzt. 29a, 12:40
Ruiz de Bergaratarren Jauregia birgaitzeko lanen irudiak. / Argazkiak: GASTEIZKO UDALA

Ruiz de Bergaratarren Jauregia birgaitzeko lanak abuztuaren 4rako amaitzea eta Izaskun Arrue Kulturunea 2023ko hasieran zabalik izatea espero du Gasteizko Udalak.

Gasteiz Antzokiaren proiektua —gaiak polemika sortu badu ere, Izaskun Arrue Kulturunea izena hartuko duena— errealitate bat izatetik gero eta gertuago dago, hiriko euskaltzaleen urte luzeetako lanaren ostean. Hasiera batean 2022an zehar irekitzeko asmoa bazegoen ere, kultur azpiegitura 2023ko hasierarako martxan izango dela baieztatu du Udalak, Noticias de Alava egunkariak argitaratu duenez.

Bide horretan, Errementari eta Zapatari kaleen artean dagoen jatorri errenazentistako XVI. mendeko Ruiz de Bergaratarren Jauregia birgaitzeko obrak abuztuaren 4rako amaitzea espero dute lan horiek kudeatzeko ardura duten udal arduradunek. Hain zuzen ere, Gasteizko jaiak hasiko diren egunerako.

Horren ostean, urte amaierara bitartean —eta, ziurrenik, 2023ko hasieran ere— beste hainbat kudeaketa egin beharko dira Euskararen Etxearen ateak ireki aurretik: ekipamendu guztia erosi eta instalatzea, gunea kudeatzeko kontratua lizitaziora ateratzea (DNAren arabera, irailean egingo da hori), kontratua erakunde bati esleitzea, eta, azkenik, entitate horrek Gasteiz Antzokia irekitzeko prestaketak egitea, Udalarekin elkarlanean.

Gasteiz Antzokiko areto nagusiaren aurreikuspena. / Irudia: Gasteizko Udala

 

Nolakoa izango da Gasteiz Antzokia?

2021eko otsailaren 4an hasi ziren Ruiz de Bergaratarren jauregian Gasteizko Antzokia eta Euskararen Etxea sortzeko lanak, 2,6 milioi euroko aurrekontuarekin, obra osoa 18 hilabeteko epean gauzatu beharrekoa izanik.

Azken hilabeteetako obretan eraikineko lau solairu egokitu dira. Sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetatik izango dira, eta edukiera handiko areto nagusia eta kultur sorkuntzarako zein lanerako espazio moldagarriak izango dira.

Gasteiz Antzokia, elkartzeko gunea

Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bereiztuko ditu higiezinaren konfigurazioak.

Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokia bigarren solairuarekin lotuta egon arren, funtsean lehen solairua hartuko du.

Gasteiz Antzokiko sarreran, 69 metro koadroko taberna bat egongo da, 10 metro karratuko sukaldea izango duena.

Ondoren, Antzokiaren areto nagusia egongo da: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuko altuerarekin. Espazio honek mota askotako ikuskizunak hartzea ahalbidetuko du. Gehienez -zutik- 507 pertsonako aforoa izango du eta ez du agertokirik izango. Bestalde, antzerki emanaldietarako edo bestelako ekitaldietarako, 151 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi da.

Eserita ikusteko kontzertuetan, 90 pertsonarentzako lekua egongo da. Halaber, jantoki gisa ere erabili ahal izango da, eta kasu horretan, 170 pertsonarentzako lekua izango du aretoak. Hala ere, agertokia bigarren solairutik ere ikusi ahal izango da. Guztira 353 metro koadro izango ditu beheko solairuak.

Eraikinaren aurreikuspena, Errementari kaletik ikusita. / Irudia: Gasteizko Udala

 

Euskararen Etxea, lanerako espazioa

Beheko solairuan egongo da Euskararen Etxearen sarbide naturala, Errementari kaletik.

192 metro koadroko azalera erabilgarria eta 127 pertsonarentzako lekua izango du guztira. Erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izateko funtzio anitzeko areto bat egokituko da bertan. Gainera, proiekzio eta itzulpen kabinak, biltegiak, komunak eta aldagelak ere aurreikusi dira. Aipatu bezala, Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko "balkoitzat" erabili ahal izango dela azaldu dute.

Bigarren eta hirugarren solairuetara igotzeko eskailera eta igogailua egongo dira. 260 metro koadroko azalera erabilgarria izango du bigarren solairuak. Bertan lantegiak, komunak eta lanerako beste espazio batzuk kokatuko dira. 

Azkenik, hirugarren solairua jauregiko leku argitsuena izango da, 269 metro karraturekin. Patio nagusia estaltzeaz gain, lanerako guneak ere izango dira bertan, izan ere, hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela egongo dira.

Gasteiz Antzokiaren ikuspegi orokorra. / Irudia: Gasteizko Udala
Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide