Judimendiko gazteek "auzoan bizitzeko" eskubidea aldarrikatu dute

Erredakzioa 2022ko eka. 27a, 12:00
Judimendiko Gazte Asanbladaren manifestazioa, larunbatean. / Argazkia: HALA BEDI

Larunbatean, Auzoan bizi nahi dugu lelopean, dozenaka gazte bildu ziren Judimendiko jaietan, etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioan.

Judimendiko gazteek auzoan emantzipatu nahi dute, eta aurtengo otsailetik Gure bizitzak proiektatu, Judimendin emantzipatu! kanpainari ekin diote. Auzoko gazteen %76 gurasoekin bizi den arren, lautik hiruk emantzipatu nahi du; bitartean, auzoko 300 etxebizitza baino gehiago hutsik daudela salatu dute, besteak beste.

Horren aurrean, auzoan bizitza proiektuak garatzeko eta emantzipatzeko aukera aldarrikatu du Judimendiko Gazte Asanbladak, larunbat honetan, hilaren 25ean, auzoko jaien barruan antolatutako manifestazioan.

Azken urteetan etxebizitzaren prezioak izandako bilakaeraz ere ohartarazi du Judimendiko Gazte Asanbladak, auzoan 130 euro inguru igo baita: "Lehen alokairuak 594 euroko prezioa zeukan; egun, batez besteko prezioa 722,50 eurokoa da. Eta zer esanik ez salmentarena: 199.321 eurokoa izanik. Etengabeko igoera horrekin nola izango da posible gure bizi proiektuak gurasoen etxetik kanpo garatzea?", galdegin dute. Gainera, dinamikaren baitan bildutako datuen arabera, auzoko biztanleriaren batez besteko adina 50 urtetik gorakoa da gaur egun.

Joan den asteko ALEAn Aitor Brazal gazte asanbladako kideak elkarrizketa batean azaldu zuenez, "auzoan bizitzeko trabak" agerian utzi nahi dituzte, bai dinamika berarekin, bai larunbateko zein etorkizuneko mobilizazioekin. "Judimendin etxe ugari daude hutsik, zaharkituta, eta neurriak jartzea ezinbestekoa da", aldarrikatu zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide