Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, Gasteizko auzoek hainbeste espero zuten momentua iritsi da. Joan den asteburuan Aranako jaiak ospatu ondoren, martxan dira auzoetako jaiak, bata bestearen atzean eta abuztura arte ia etenik gabe. Aste honetan, ekainaren 6tik 12ra, Txagorritxu auzoko jaien txanda izango da.
Gaur hasi dira, eta astelehenetik igandera bitartean dozenaka jarduera izango dira auzoan zehar, umeentzako, nagusientzako zein gazteentzako eskaintza zabalarekin: tailerrak, txapelketak, bideo emanaldiak, hitzaldiak, Auzoa Kantari, poteo musikatua, bertso afaria...
Asteburuarekin batera, jai giroa eta txosnak nagusituko dira. Ostiralean jaurtiko dute txupinazioa, txosnagunean bertan, eta umeen txokoa eta dantza plaza izango dira. Larunbatean, berriz, kirol txapelketak, rallypoteoa, herri bazkaria (txartelak Indartsu eta Garraxi tabernetan salgai), bingo musikatua eta ekitaldia egingo dituzte txosnagunean. Hainbat jardueratan parte hartzeko, txagokojaiak1@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez izena ematea beharrezkoa da.
Gainera, asteburuan zehar, zortzi talde izango dira txosnaguneko oholtza gainean: ostiralean, Red Iron Squad, Labana, Screamers and Sinners eta Suaia & Dubakustik; larunbatean, berriz, Dena, Lukiek, Punkaraokea eta DJ Rosa Mari.
Adin guztietako bizilagunak zein auzotik kanpoko herritar guztiak gonbidatu dituzte auzoko jaietan parte hartzera.
Erasoen aurkako protokoloa
Auzoetako jaietan eraso matxistei planto lelopean, eraso matxisten aurkako protokolo berezia jarri dute martxan Txagorritxu, Judimendi eta Adurtza auzoetako jai batzordeek, Gasteizko Mugimendu Feministarekin elkarlanean. Besteak beste, sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute "txartel moreen" bitartez, jai gunean puntu moreak prestatuko dituzte erasoei aurre egiteko, erasoak salatzeko 747 41 48 43 telefono zenbakia aktibatuko da, eta txosnagunean zapi morez identifikatuko dituzte txosnaguneko ardura feministak.
"Ez da jarrera matxista, LGTBI+fobo, arrazista eta faxistarik onartuko", ohartarazi dute. "Bi urteren ostean berriz ere gure jai guneak, ohiturak, borrokak, aldarriak, disfrutea… berreskuratuko ditugu. Ezin dira aipatu gabe gelditu tarte horretan gorakada izan duten eraso matxista zein LGTBI+ fobikoak".
EGITARAU OSOA
KONTZERTUAK