Gasteiz Antzokiarentzat "kontsentsuzko" izen bat eskatu du Elkarrekin taldeak

Erredakzioa 2022ko eka. 15a, 09:51

Urte amaierarako izango da prest Gasteiz Antzokia. / Alea

Lazarraga Kultur Elkarteak antzokiarentzat proposatutako izenak aintzat hartzeko eskatu diote Gorka Urtaran alkateari.

Gasteiz Antzokia izendatzeko Gorka Urtaran alkateak aukeratutako izenak –Izaskun Arrue Kulturunea– haserrea piztu du zenbait sektore euskaltzaletan eta Lazarraga elkarteko hainbat kideetan, eta izena "berriro ere" pentsa dezala eskatu dio Elkarrekin udal taldeak. "Kontsentsua bilatu behar da eta izena elkarrekin adostu, proiektuan inplikaturik diren aldeak konforme geldi daitezen".

Euskara arloko zinegotzi Iñaki Gurtubaik atzo Euskara eta Kultur Batzordean emandako azalpenak ez zirela gogobetegarriak izan azaldu du taldeak. "Nahiz eta badakigun izena hautatzea alkatearen eskumena dela, eta nahiz eta kale izendegian emakumeen izenak ugaritzeko duen borondatearekin bat egiten dugun, kulturgune honek, hainbeste itxaropen sorrarazi dituenak, ez luke jaio behar polemikari eta ezinegonari lotuta", esan du Elkarrekin taldeko Garbiñe Ruiz zinegotziak. "Alkatea garaiz dago gorabehera zuzentzeko eta adostasunaren izenean Lazarragak gune horrentzat planteatu dituen proposamenak aintzat hartzeko, fundazioak dena eman baitu, hasieratik, gunea sorrarazteko". Alde horretatik, Garbiñe Ruizentzat, egokiena da Euskeraren Elkargunean eztabaidatu eta adostea izen ofizial bat.

Hiriko lehenengoetako euskara irakaslearen izena jarri dio alkateak kulturguneari, baina, aditu batzuek diotenez, euskara batuaren aurka zegoen, eta, ez da halako ohoreak hartzeko bezain duina. Udal taldeak alkateari aurpegiratu dio —jakinik desadostasuna zegoela— izen ofiziala alde bakarrez erabaki izana eta publiko egin izana Lazarraga Kultur Elkartearen babesik izan gabe.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide