Oihaneder Euskararen Etxeak agur esango du ekainean

Erredakzioa 2022ko eka. 13a, 12:30

Oihaneder Euskararen Etxeak 2014an ekin zion bere ibilbideari. / ALEA

Gasteiz Antzokia lekukoa hartzear dagoen honetan, agur esateko ordua iritsi zaio Oihaneder Euskararen Etxeari. 2014an hasitako zortzi urteko ibilbide oparoaren azken ekitaldia ekainaren 30ean izango da.

2014ko urriaren 15ean inauguratu zenetik 2022ra bitartean, zortzi urteko ibilbidea, 900 jarduera inguru eta 66.500 erabiltzaile —pandemia garaian izan ezik, urtean 10.000 lagun— izan ditu Oihaneder Euskararen Etxeak. Lazarraga Kultur Elkarteak sustatutako proiektua izan da, eta elkarteak bide berri bati ekingo dio laster, urte amaieran edo 2023ko hasieran martxan izango den Gasteiz Antzokiaren bueltan.

Horregatik, bere ibilbidearen azken txanpan murgilduta dago Oihaneder, ekainaren 30ean izango baita azken ekitaldia: Liher eta Lamiak taldeen kontzertua. Euskal kulturaren erakusleiho eta sormenerako gune izan da zortzi urte hauetan, kontzertuak, zinema, ikuskizunak, jardunaldiak, antzerkia, kultur proiektuen aurkezpenak eta familia jarduerak antolatuz, eta idazleak, musikariak, aktoreak, margolariak, zinemagileak, dantzariak, marrazkilariak, artista plastikoak eta, batez ere, herritar euskaltzaleak gonbidatuz.

Komunitatea ardatz

Denbora horretan, eskaintza anitza eta komunitate zabala osatu da Gasteizko Euskararen Etxean, euskara askotariko publikoari hurbilduz eta euskaratik kultura diziplina ezberdinei agertoki bat eskainiz. "Kontaezinak izan dira eragileengandik jasotako proposamenak, eta ahal izan den gehienei egin zaie leku. Izan ere, hori behar dute euskal sortzaileek: plaza eta oholtza, bozgorailua eta arreta", aldarrikatu du Lazarraga Kultur Elkarteak, agur esateko plazaratutako ohar batean.

"Denei, sortzaile zein ikus-entzuleei, babesle zein laguntzaileei, erakunde zein elkarteei, guzti guztiei, eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, eta orain arte egindako bideak, etena baino, izan dezala jarraipena hurrengo proiektuetan. Izan ere, elkarlanean sinesten dugu, eta horren adierazle jarduera guztien %60 modu horretan atera dugula aurrera, hots, beste eragile batzuekin batera gauzatu ditugula, izan elkarte, erakunde, entitate edo norbanakoekin", azpimarratu dute.

Hurrengo urratsa, Gasteiz Antzokia

Agur mezuan aldarrikatu dutenez, Gasteizko Kafe Antzokiaren lehen zutabe gisa abiatu zuten Oihaneder, eta zortzi urte hauetan "proiektu berriari oinarri sendoak eraikitzeko" balio izan du horrek. "Zortzi urte hauek aurrera egiteko kemena eman digute, beraz, Lazarraga Kultur Elkarteak lanean jarraituko du Gasteizek merezi duen kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren izan dezan".

"Esan beharra dago urte hauetan guztietan ezinbestekoa izan dela Gasteizko Udalaren laguntza, eta bereziki Kultura eta Euskara zerbitzuena. Bertako arduradun, teknikari eta langileen laguntzagatik izan ez balitz, oihan eder baino, baso sastrakatsu izango zatekeen aurrera eraman den proiektua", azpimarratu dute. "Gasteizko euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko sortu zen proiektu hau, eta uste dugu kultur akuilu gisa lan mardula egin dela, kulturaren balio eraldatzailean sinesten baitugu, eta hori baita eguneroko lanabesa".

Zentzu horretan, Karmele Jaio idazle gasteiztarrak azken Korrikaren mezuan adierazitakoa ekarri dute gogora: "Euskarak behar du hezurdura bat, anatomia bat, arnas aparatu eta nerbio sistema bat. Behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera. Malko eta listuz bustitzea behar du euskarak. Hatz markaz zikintzea". Eta Oihanederren Lazarraga elkarteak "gorputz oso bat" eskaini nahi izan dio euskarari, eta, batez ere, Gasteizko euskaldunei. "Gorputz abegikorra eta atsegina, indartsua eta eraginkorra, berritsua eta berritzailea, irudimentsua eta jostalaria, lagungarria eta laguntzailea".

"Elkartu ginen, hausnartu genuen eta ekin genion. Egindako lana eta metatutako esperientzia ezinbestekoak izango dira erronka berriei aurre egiteko. Orain bagoaz, baina laster bagatoz. Hurbildu, eta zatoz!", gaineratu dute mezuan.

Azken ekitaldiak

Ekainekoak, beraz, Oihaneder Euskararen Etxean antolatuko diren azken ekitaldiak izango dira. Hona hemen datozen hiru asteetako jarduerak:

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide