Kultura da edozein komunitateren ispilu, adierazpide eta garatzeko berezko lurzorua. Gureari dagokionez, bistan da euskarazko kulturak eta euskararen erabilerak elkar elikatzen dutela, eta kulturarena, zorionez, ez dela ahulen dugun eremua. Hala ere, bertan goxo egotekoak ez garenez, saltsan dihardutenen ahotik jakin nahi izan ditugu dituzten ikuspuntuak, aukerak, beharrizanak, asmoak…
Jon Sanchez kazetariak bideratutako solasaldi honetan, Irantzu Lekue artista plastikoa, Miren Narbaiza musikaria eta Izar Mendiguren bertsolaria izan genituen solasean: Kulturak egiten gaitu. Sortzaile, eragile, hizkuntza, harreman, espazio... aukerez.
IRANTZU LEKUE (Gasteiz, 1987)
Diziplina anitzeko artista garaikidea eta kultur aktibista da. Haren lanak gizartearen kontzientziazioa bilatzen du. Hainbat teknika eta estilo landuz memoria, arrazismoa, gizarte alorreko bidegabekeriak, aldaketa klimatikoa, nortasunaren krisia edota emakumearen egoera jorratu ditu. Sorkuntza-ekoizpenari begira, pintura abstraktua eta figuratiboa beste hainbat teknikarekin uztartzen ditu: argazkigintza, eskultura kontzeptuala, instalazio artistikoak, bideoartea eta muralismoa. Bere instalazioetan eguneroko objektuak behin eta berriro erabiliz lortzen du haiei esanahi berria ematea, elkarreraginerako eta gogoeta kritikorako gonbidapen bihurtuz.
MIREN NARBAIZA (Eibar 1986)
Ikasketaz kazetaria den arren, musikari emana dabil aspaldidanik. Napoka Iria bikotean hasi zuen bidea eta ondoren etorri ziren Perlak, Dual Split, Drumkopters eta Joseba B. Lenoir taldeak. 2017an ekin zion bakarkako bideari MICE proiektuarekin.
IZAR MENDIGUREN (Laudio 1988)
Bertsolaria, kazetaria eta sortzaile anitza da, eta hainbat proiektu eta ekimen sortzailetako kide, betiere euskaratik eta euskaraz. Horrez gain, hainbat mugimendutan hartzen du parte: bertsolaritza, herri mugimendutan eta feminismoan. Musikari gisa zenbait proiektutan hartu du parte: ULUKA taldea, “Ertzetik” ikuskizuna edo euskarazko rap freestyle saio askotan. Lanbidez kazetaria da Aiaraldea komunikabidean non erredakzio taldeko kide ere baden. Aiaraldeko ekintzen faktoria izeneko kultur eta gizarte berrikuntzarako proiektuko kide da horren sorreratik bertatik.