Auzoetan euskaraz bizitzeko eta euskara biziberritzeko hautua egin dute elkarte hauetako ordezkariek, eta beraien eremuan jarduteko dituzten motibazio, erronka eta beharrei buruz aritzeko tartea hartu zuten atzo arratsaldean.
Txagorritxuko Zizta Euskara Taldea, Judimendiko Gazte Asanblada, SUmendi espazioa eta Zabalgana Euskara Taldeetako ordezkariak (ZET) haien bizipen eta esperientziak partekatzen aritu ziren Judimendiko SUmendi espazioan bertan.
Gazteek euskararen normalizazioa nola bizi duten entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek, eta etorkizuneko lan-ildoak zehazteko ideiak plazaratu zituzten gainera. Ikuskera berriak landu eta elkarlana bilatzea ezinbestekotzat jotzen dute etorkizuneko eszenatokia irudikatzerako orduan.
Zizta Euskara Taldea
Gasteizko Txagorritxu auzoko zenbait gazteren ekimenez 2015. urtean sortutako euskara taldea da Zizta Euskara Taldea. Auzoko gazteen hizkuntza inertzia eta ohiturak aldatzea helburu, umorea eta zirikatzeko gogoa lagun, askotariko ekimenak antolatzen ditu. Horrez gain, euskalgintzako zein herri mugimenduko bestelako eragileekin sareak sortzearen alde egiten du.
Judimendiko Gazte Asanblada
Judimendin diharduen gazte taldea, auzoko, Gasteizko eta Euskal Herriko gazteriaren kezka eta beharrei erantzuteko eta auzoan euskararen erabilera sustatzeko 1999an jaioa.
Sumendi espazioa
2016az geroztik, Sumendi espazio autogestionatua da Judimendiko gazteen lokala; horren helburu nagusia aisialdi alternatiboa eta berezko espazio bat eskaintzea da, auzoko gazteen beharrak asetzeko eta auzokideei aukera ezberdinak emateko.
Zabalgana Euskara Taldea
Zabalgana auzoan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko asmoz, euskaltzale talde batek sortutako taldea da Zabalgana Euskara Taldea (ZET). ZETek askotariko ekimenak antolatzen ditu, adin guztietako auzokideentzat. Taldea irekita dago auzoan euskararen alde egin nahi duen edonorentzat.
Eragiteko janzten jardunaldiak
Aurten, bigarrenez, Eragiteko janzten hitzaldi zikloa abian jarri dute Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topaguneak.
Otsailaren 22an izan zen lehen jardunaldia, eta Sumendin ospatutakoa izan da bigarrena. Hurrengoa berriz, apirilaren 26an izango da Salburuako Gizarte Etxean eta izen-ematea zabalik dago saio bakoitzaren aurretik. Xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunean aurki daitezke.