Abian da Komedialdia Gasteizko Umore Jaialdia, aurtengoan musukorik gabe. Igandera bitartean, Arabako hiriburua umoreari lotutako ekimenez beteko da, Hemen eta orain lelopean ikuspegi positiboa zabaltzeko asmoz.
El Mentirón: Gasteizko XIX. mendeko album baterako orriak erakusketaren inaugurazioaren ostean, astearte honetan Europa Biltzar Jauregian egindako inaugurazio ofizialean, jaialdiko zuzendari Txaro Mardaratz Najerak eskerrak eman dizkie entzuleei, "kalea berreskuratu nahi dugun une batean gaudelako", gasteiztarrak haien eguneroko jardueretan une zoriontsuak bilatzera animatuz.
Kaitin Allende kazetari eta bakarrizketagilea izan da zeremonia maisua, hiru jarduerez osatutako ekitaldian: Mauro Entrialgo marrazkilari arabarrak TMEO, bazterreko umorezko 35 urte hitzaldia eman du; Amaia Bonoren eskutik, Ahora_Ya performanceaz gozatu ahal izan du publikoak; azkenik, Mintxo Cemillan marrazkilari eta karikaturagile gasteiztarra bertaratutakoen karikaturak egiten aritu da, eta, ondoren, areto nagusian proiektatu dira.
Sei eguneko barre algara
Inaugurazio egunaren ostean, gasteiztarrak barrez leherrarazteko beste bost egun ditu aurretik Komedialdiak, igandera arte. Asteazken honetan, hilaren 25ean, hainbat ekitaldi izango dira.
11:00etatik 13:00etara, umoreaz serio hitz egiteko jardunaldiak izango dira Dendarabako Vital Fundazioa Kulturunean, Zertaz egiten dugu barre krisi garaietan? Umorea, informaziorako edo desinformaziorako tresna gisa izenburupean. Sergio Arrospidek aurkeztuko du, Gemma Martinez izango da moderatzailea, eta Susana Soleto aktoreak, Roberto Flores eta Iñaki Elorza kazetariek eta Mauro Entrialgo marrazkilariak hartuko dute parte.
Arratsaldean, berriz, Jose Kruz Gurrutxagak Arranopola! obra aurkeztuko du, 19:30ean Dendarabako Vital Fundazio Kulturunean. 20:00etan, Felix Petite Antzokian, Madame Señorita —Paula Valluerca gasteiztarra— bere Quest!on lanarekin arituko da.
Datozen egunetan askotariko jarduerak izango dira jaialdiaren barruan: umoreaz serio hitz egiteko jardunaldiak; Umoreguneak ikuskizunekin, antzerkiekin, bakarrizketekin, tailerrekin eta askoz gehiagorekin; Elkartasungunea "barredromoarekin", ADELA Elkartearen alde; eta Umorekalean, gure eguneroko bizitzan umoreaz gozatzeko.
Programazio osoa komedialdia.com webgunean kontsulta daiteke, baita sarrerak erosi ere; hala ere, jarduera gehienak doakoak eta sarrera librekoak dira.