Jose Kruz Gurrutxaga

"ETBn zerbait galdu dugun sentsazioa dut"

Anakoz Amenabar 2022ko mai. 20a, 06:00

Jose Kruz Gurrutxagak 'Arranopola!" lana aurkeztuko du Komedialdian. / E. Anda

Eguneroko kontuei beste begirada batez begiratu eta norbere buruaz barre egitera dator Jose Kruz Gurrutxaga, Komedialdian aurkeztuko duen umore bakarrizketarekin. Taula gainean "babesik gabe",  izan dituen lanen artean "gordinena" dela dio azken aldian Gorbeialdean babeslekua bilatu duen azkoitiarrak.

Hainbat urtez, gauero, Euskal Herriko etxeetara sartu zen Jose Kruz Gurrutxaga (Azkoitia, 1973) Goenkaleko pasadizoekin. Ostean, telesail gehiago heldu ziren, antzerki sorta zabala eta bikoizketa ere tarteka. Duela urte batzuk, gainera, bakarrizketei heldu die, eta horri jarraipena emango dio hurrengo astean ospatuko den Gasteizko Komedialdia umore jaialdian; Umorea bakarrizketaren ondotik, Arranopola! bakarrizketa aurkeztuko du hilaren 25ean.

Ospakizunetan dira aste honetan EITBn, sortu zela 40 bete direnean. Telebistan hasi aurreko nolako oroitzapenak dituzu?

Gogoan dut 1980. hamarkada amaiera aldera, gaztetan, telebista nahikotxo ikusten nuela euskaraz, eta gainera inpaktatu ninduten formatuak zeudela. Garai hartan ez nekien zer izan nahi nuen, aktore mundua ez nuen bereziki barneratua, baina Bi eta Bat ikusi nuenean nik hori nahi nuen, bertan parte hartu nahi nuen, eta Eneko Olagasti eta Karlos Zabala zuzendariei gutun bat idatzi nien hantxe zeozer egin nahi nuela esanez. "Ez zenidaten kasurik egin!", orain dela gutxi gogoratu diot Olasagastiri, kar-kar. Bi eta Bat, Dragoi Bola eta beste ikur batzuk izan ziren hamarkada hartan zerbait piztu zutenak. Orain, aldiz, sentsazioa daukat zerbait galdu dugula ETBn, eta batez ere euskarazko telebistan. Nik behintzat ez dut aurkitzen euskaraz telebista ikustera naraman ezer berezirik. Hasierako apustu hori, euskararen aldeko apustua... iparra galduta dagoela iruditzen zait.

'Flamingo Berria' saioan eman zenituen lehen pausoak, ezta?

Aktore bezala lehen esperientzia izan zen, Ramon Bareak zuzenduta. Erakargarria zen mundu hori niretzat, eta casting batera aurkeztea erabaki nuen. Eskola garaian antzerkia egin nuen, baina ez besterik, eta handik atera zen aukera. Flamingo Berrian izan zen nire lehen lana. Eszenatoki bat zuen taberna bat zen, eta taberna ireki aurreko egoerak kontatzen ziren; Panpi Ladutxek kantatzen zuen, eta handik zebiltzan Kontxu Odriozola, Aitor Mazo, Ramon Ibarra edo Loli Astoreka aktoreak ere. Ni mandatuen mutila nintzen, eta, bitxikeria moduan, gogoan dut esan nuen lehen esaldia, euskara arduradun zebilen Martxelo Otamendiren ekarpena. "Hemen, asta-zestoak!", esaten nuen erositako bularretako batzuk eskuan. A ze parea! telesaila heldu zen gero, Teresa Calo eta Amaia Lizarralderekin, eta jarraian Goenkale.

"Kulturako dirutza handiena ETBra doa, eta, beraz, sustatzaile izan behar du; aktore, gidoilari, teknikari eta sektoreko beste hainbat langile dinamizatu behar ditu"

Askorentzat 'Karlos' izango zara oraindik...

Bost urtez egon nintzen Goenkalen, pentsa. Oso oroitzapen onak ditut. Eskola bat izan zen, dudarik gabe. Egunero grabatzen genituen hamar bat sekuentzia, eta luze-luzeak. Hasierako kapituluren bat berrikusi izan dut, eta pentsaezina da orain erritmo hori, beste tempo batera ohitu gara, amaigabeak ziren sekuentzia batzuk; lehenengo atalean amonak itsasoan bere buruaz beste egiten duen hori adibidez, kalean oinez bi minutu, poliki-poliki, Jesus Maria! Ba garai hartan nahiko normala zen.

Faltan botatzen dira halako produkzioak?

Jakina, eta ez aktore edo ikusle bezala bakarrik. Sektorearen dinamizatzaile izan behar du ETBk, zalantzarik gabe, eta lehen aipatutakoaren ildo beretik, iparra zuzendu behar dela uste dut. Kulturako dirutza handiena ETBra doa, eta, beraz, sustatzaile izan behar du; aktore, gidoilari, teknikari eta sektoreko beste hainbat langile dinamizatu behar ditu. Mikrofono batekin kalean esaten dena jasotzea eta horrekin orduak betetzea oso erosoa da, baina beste zerbait behar da. Askotan badirudi kanpora atera eta aitortza lortzen denean garela zerbait, kanpoan baloratu arte ez gara nor; eta gogoratu behar da orain zinemak bizi duen une polit hori eta egiten diren produkzioak aurretik egindako horren ondorio direla, garai batean asko dinamizatu zelako hori guztia. Urtero bi edo hiru produkzio izaten ziren ETBn, batzuk batera ere bai, euskaraz eta gaztelaniaz... Beharrezkoa dela uste dut, eta faltan botatzen dut.

Jose Kruz Gurrutxaga, Gasteizko Alde Zaharrean. / Erlantz Anda

Zenbat aktorek bilatu dute beste ofizio bat?

Askok bilatu behar izan dute bere bidea profesiotik kanpo, eta horrek tristura ematen dit. Askotan zorte kontua da, lekuan egotea, tokatzea, norbaitek zugan behar duen perfil hori ikustea... eta zuloan zaudenean eustea. Baina bakoitzak bere errealitatea du, eta ez da gauza  bera 20 urterekin zuloan egotea edo 40rekin eta bi seme-alabarekin. Hori da gure profesioaren alderik zailena. 

Bikoizle lanak ere egin dituzu hainbat urtez.

Ikusita zenbat ordu ekoizten ziren duela hogei urte eta zenbat orain... Barregarria da egoera, beherakada izugarria izan du sektoreak. Eta uste dut erreferente horiek ere behar ditugula telebista euskaraz kontsumitzeko. Ez dakit gazteek zer ikusten duten, baina iruditzen zait Clan eta beste telebista kate batzuen botoia zanpatzen dutela ETB3ren aurretik... Belaunaldi bat galdu dugula uste dut; beharbada txikiek ikusten dute, baina gero galdu da. Eta ondo egiten denean ikusten da funtzionatzen duela, Goazen da adibidea, gaztetxoak engantxatzen ditu, baina...

Ez dira errentagarriak halako ekoizpenak?

Ez dakit zein den benetako arrazoia, agintariei galdetu beharko zaie. Uste dut gehiegi begiratzen zaiela zenbakiei, eta pixkat tristea da. Estatu mailako beste kateekin lehia? Hori da guk begiratu behar dugun erreferentea? Horiekin borrokatu behar dugu ez dakit zenbat ikusle lortzeko? Telebista publiko batean "funtzionatu" kontzeptua bera erlatibizatu behar dugula uste dut, eta are gehiago euskaraz. Beharbada ez zaie zenbakiei hainbeste begiratu behar. Zer ekarpen egiten du bikoteen inguruko programa baten kopiak? Ez al du hori Soberak egiten? Gauza batzuk ez ditut ulertzen... Gure berezitasunetara egokitutako formatuak bilatu behar direla uste dut, eta Herri txiki adibide ona iruditzen zait.

Taula gainean dituzu azken aldian proiektuak, bakarrizketak tartean. Noiz hasi zinen formatu honekin?

Bost bat urte izango dira. Ttipia elkarteko Asier Alvarez de Arkaiak esan zidan euskarazko bakarrizketak eskatzen zituela jendeak, stand up modukoak, ez zeudela asko... Eta halako batean aitzakia bilatu nuen, eta aurrera. Batetik, oso erosoa da, mikrofono batekin hara eta hona ibili zaitezkeelako, zu zeu zara mikrofono aurrean. Eta, bestetik, esperientzia gordinena izan da niretzat, hain zuzen, bakarrik zaudelako mikrofono aurrean. Ez daukazu babesik, zu zara, Jose Kruz, hortxe, tontakeriak esaten...

"Edozein gairi atera dakioke zirrikitua, atzamarra sartu eta kili-kili egin"

Zer eskainiko du 'Arranopola!' lanak?

Ondo pasatzeko aitzakia bat baino ez. Orain arte Umorea izeneko bakarrizketarekin ibili naiz, gustora, uste dut ondo pasatu dugula, eta berri honetan formula berdina da, baina aldaketa batzuekin. Helburua ordubetetxo atsegin bat izatea da, egunerokoez deskonektatzea eta gure buruez barre pixkat egitea.

Euskarazko umorea "oso atsegina" dela dio Antton Telleriak, eta ez dela "putzu ilunetan" gehiegi sartzen...

Bai eta ez. Publikoaren arabera izango da agian, baina gai batzuk zailak dira. Sexu kontuak, esate baterako, kosta egiten da leku batzuetan, ez dira horren erraz ailegatzen, eta gai sozialak ere ez dira errazak. Alegia, ez dakit oraindik gehiago soltatu behar dugun ala beste modu batera ikusten ditugun gai horiek.

Edozer gairekin egin daiteke umorea?

Uste dut gehiago dela nola egin, gaia bera baino. Edozein gairi atera dakioke zirrikitua, atzamarra sartu eta kili-kili egin. Vaya Semanitak, esate baterako, hori erakutsi zuen; oraindik garai gogorrak ziren eta pin-pan hasi ziren; sozialki pixkat soltatzeko behintzat ondo egon zela uste dut. Gure buruaz barre egiteagatik ez da ezer gertatzen, denoi gertatzen zaizkigunei buruz, ez bada modu iraingarrian egiten.

Nolako "umorea" da zurea?

Nire umorea? Ez naiz aditua, baina beharbada umore euskalduna. Agian asko esatea da, baina bertako egoerak, hitz-jokoak, gure egunerokoaz barre egin eta buelta pare bat ematea gustatzen zait. Norberak bere burua egoera horietan ikustea eta horren dramatikoak ez direla konturatzea.

Joan Perez Lazarraga ezagutzeko bisitaldian ere ikusiko zaitugu laster, ezta?

Bai, iaz egin genuen lehendabizikoz, eta aurten egingo dugu berriz, maiatzaren 29an. Larreako haren etxe atarian egingo dugu, eta pertsonaiaren inguruko pasadizoak aurkeztuko ditugu Susana Soletok eta biok. Goiz pasa polita egiteko aukera izan daiteke hogei minutuko bisita honekin.

Hika taldearen 'Tarara' antzerki obrarekin ere bazabiltza.

Bai, hainbat saio izan ditugu Euskal Herrian, eta orain kanpoan egiten dugun ikusi behar. Zuzendari moduan Good Sex Maritxu lana ere aurkeztuko dugu Komedialdian. Intimad eta El Apagón serieetan ere papertxoren bat dugu...

Musikan ere aritu zara...

Betiere pendiente geratzen den halako kontuetako bat da musika. Musikari frustratua naiz kar-kar. Itzaletik taldea izan genuen, eta emanaldi batzuk egin genituen, tartean musika munduan jarraitzen duen Joseba Beristainekin. Batek daki egunen batean musikari moduan bueltatuko garen...

Goenkale telesailean egin zen ezagun Jose Kruz Gurrutxaga. / E. Anda

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago