Korrikatik Euskaraldira: martxan dira Gasteizko auzoetako batzordeak

Erredakzioa 2022ko mai. 16a, 19:00

Gasteizko Euskaraldiak Korrikaren lekukoa hartu du, maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran biltzen hasiko diren auzoetako batzordeak aurkezteko.

Hitza eta ekintza. Batzordeak Korrikatik Euskaraldira lelopean, auzoetako batzordeen aurkezpena egin Gasteizko Euskaraldiak, astelehen honetan Falerina Lorategian egindako ekitaldian. Ekitaldiak bi helburu izan ditu: lehenik eta behin, Korrikaren lekukoa hartzea; bigarrenik, auzoan auzoko Euskaraldia Batzordeak aktibatzea.

"Bi urteko geldialdiaren ostean, lanean hasi eta 2022 hitzaren eta ekintzaren urtea izateko erabaki irmoa hartu genuen Korrikak eta Euskaraldiak", azaldu du Amaia Lasaga AEKko ordezkariak. "Ezjakintasunak ezjakintasun, eta beldurrak beldur, lortu dugu berriz ere Gasteizen euskarari merezi duen tokia ematea; eta Gasteizko euskal komunitateak erronkari inoiz baino hobeto erantzun dio".

"Aurtengo euskararen zikloa ez da Korrikarekin amaitzen", aldarrikatu du Azaitz Unanue Gasteizko Euskaraldiko koordinatzaileak. "Hilabetez hilabete sorturiko indarra baliatu behar dugu euskararen erabilerari hauspoa emateko. Gasteizen euskaraz bizitzea posible dela frogatuko dugu, baina horretarako ezinbestekoa da herritarrok hizkuntza ohituretan eragitea, eta gure hizkuntza erabiltzeko gune erosoak sortzea".

 

Deialdiak

"Auzoetako hurbileko lan horretan, herritar ororen parte hartzea ezinbestekoa" dela azpimarratu du Unanuek. Gasteizek dagoeneko eman du izena Euskaraldirako, baina honako hauek dira, oraingoz, auzoetako batzordeak eratzeko hitzorduak, Abetxukuko batzordeko kide batek azaldu duenez:

  • Maiatzak 23, astelehena: Zabalgana, 18:30ean auzo elkartean.
  • Maiatzak 25, asteazkena: Abetxuku, 18:30ean auzo elkartean.
  • Ekainak 6, astelehena: Salburua-Arantzabela, 18:30ean Salburuko gizarte etxean.
  • Ekainak 7, asteartea: Lakua Arriaga, 18:30ean AEK Zadorra euskaltegian.
  • Ekainak 8, asteazkena: Olarizu-Adurtza-Aretxabaleta, 18:30ean auzo elkartean.
  • Ekainak 9, osteguna: Zaramaga-Aranbizkarra, 18:30ean Amaia Zentroan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago