Korrikatik Euskaraldira: Gasteizko batzordeak maiatzaren 16an jarriko dira martxan

Erredakzioa 2022ko mai. 12a, 13:35
Euskaraldiaren aurkezpen agerraldia, otsailean. / ALEA

Datorren astelehenean, 18:30ean Falerina Lorategian, maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran biltzen hasiko diren auzoetako batzordeen aurkezpena eta argazki masiboa egingo du Gasteizko Euskaraldiak, Korrikaren olatuari jarraipena emateko asmoz.

Hitza eta ekintza. Batzordeak Korrikatik Euskaraldira lelopean, auzoetako batzordeen aurkezpena egingo du Gasteizko Euskaraldiak astelehenean, maiatzaren 16an, 18:30ean Falerina Lorategian. Auzoetako batzordeen aurkezpena egiteaz gain, argazki masibo bat atera nahi dute, azaroaren 18tik abenduaren 2ra Hitzez ekiteko garaia lelopean egingo den ariketa sozialerako indar erakustaldi gisa.

Ekitaldiak hainbat helburu izango ditu. Lehenik eta behin, 2022an Korrikarekin hasi zen euskararen zikloari jarraitasuna ematea; hau da, Korrikak Euskaraldiari pasako dio lekukoa, eta astelehenekoa izango da lehen urratsa.

Bigarrenik, auzoetako dinamikak aurrera eramango dituzten auzoan auzoko Euskaraldia Batzordeak aktibatzea. Kasu honetan ere, auzoetako Korrika Batzordeei lekukoa hartzeko helburua izango du Euskaraldiak. Horretarako, maiatzaren bukaeran eta ekainaren hasieran auzoetan deitutako Euskaraldia Batzorde Irekien egutegia plazaratuko dute ekitaldian.

Izan ere, Gasteizek dagoeneko eman du izena Euskaraldirako, baina oraingo deialdia herritar orori dago zuzenduta, norbanakoei begira, "auzoetako parte hartzea eta tokian tokiko entitateen lanketa bultzatuko dutenak" baitira, ekimenaren sustatzaileen hitzetan.

Deialdiak

Honako hauek dira, oraingoz, auzoetako batzordeak eratzeko hitzorduak:

  • Maiatzak 23, astelehena: Zabalgana, 18:30ean auzo elkartean.
  • Maiatzak 25, asteazkena: Abetxuko, 18:30ean auzo elkartean.
  • Ekainak 6, astelehena: Salburua-Arantzabela, 18:30ean Salburuko gizarte etxean.
  • Ekainak 7, asteartea: Lakua Arriaga, 18:30ean AEK Zadorra euskaltegian.
  • Ekainak 8, asteazkena: Olarizu-Adurtza-Aretxabaleta, 18:30ean auzo elkartean.
  • Ekainak 9, osteguna: Zaramaga-Aranbizkarra, 18:30ean Amaia Zentroan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide