Miren Larrionek hiru urteko kartzela zigorra eta biktimari kalte-ordaina onartuko ditu

Erredakzioa 2022ko api. 26a, 13:00

Miren Larrionek dimisioa eman zuen 2021eko otsailean. / Argazkia: EH BILDU

Fiskaltzarekin akordio bat lortu eta zigorra lan komunitarioekin beteko duela iragarri duen arren, Miren Larrionek hiru urteko kartzela zigorra, hiru delitu eta biktimari kalte-ordaina ematea onartu beharko du. Gainera, azken erabakia epaileak hartuko du.

Miren Larrionek dimisioa eman zuen 2021eko otsailean, EH Bilduko alderdikide baten nortasun agiria lapurtu eta bere izenean kontu korronte bat irekitzen saiatu ostean. Horrela, polemikaren erdian, bere ibilbide politikoari amaiera eman zion 2015ean eta 2019an EH Bilduren Gasteizko alkategai izandakoak. Gainera, urtebete baino gehiagoko isiltasuna gorde du bizitza publikoan.

Joan den astean, Larrionek Fiskaltzarekin akordioa lortu duela eta zigorra lan komunitarioekin ordeztuko duela iragarri zuen bere sare sozialen bitartez, xehetasun gehiago eman gabe. Hala ere, Eldiario.es Euskadi hedabideak iragarpen horren "letra txikia" argitara atera du: hiru urteko kartzela zigorra eta hiru delitu —dokumentuak faltsutzea, nortasuna usurpatzea eta ebasketa— onartuko ditu, eta biktimari kalte-ordaina emango dio.

Bestalde, El Correo egunkariaren arabera, gehienez zazpi hilabete beteko ditu lan komunitarioetan.

Prozesu judiziala, zabalik

Iturri judizialak aipatuz Eldiario.es-ek argitaratu duenez, prozesu judizialak zabalik jarraitzen du oraindik: aipatutako hiru elementu horiek onartuta Fiskaltzarekin akordioa itxita egon arren, azken erabakia auziaren ardura hartuko duen zigor-arloko epaile baten esku geratuko da; epaile hori izendatu gabe dago oraindik, eta, beraz, akordioaren ondorioak ez daude erabat itxita. Are gehiago, epaileak espetxe zigorra ez etetea eta lan komunitarioengatik ez ordeztea erabaki lezake.

Aurreko epaileak amaitutzat eman zuen ikerketa, eta kriminalitate zantzu nahikoak aurkitu zituen Larrion epaiketara bidaltzeko. Hala ere, Eldiario.es-en arabera, funtsezko elementu bat dago: auzipetuak epailearen ondorioak ezagutu ondoren onartu zituen gertakariak, eta ez lehenago; horrek eragin nabarmena izango du behin betiko zigorra zehazteko orduan.

Azkenik, beste bi elementu daude: alde batetik, mozorroa erabili izana larrigarritzat hartzen da, biktimaren antza izateko teknikak erabiltzeagatik; bestetik, txosten medikoen bidez egiaztatutako osasun mentaleko arazoak direla eta, aringarri bat aplikatu zaio Larrioni.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago