Fiskaltzarekin akordioa lortu duela iragarri du Miren Larrionek

Erredakzioa 2022ko api. 21a, 20:58

Facebooken gutuna zabaldu du Miren Larrionek. / Alea

Sare sozialetan kontatu duenez, arta medikua izan du eta lan komunitarioak egiten hasiko da laster.

Ertzaintzaren ikerketa baten ostean, dimisioa eman zuen Miren Larrionek 2021eko otsailean. Banketxe batean kontu bat irekitzeko alderdikide baten NANa erabiltzeagatik ikerketa abiatu zuten, eta hor amaitu zen EH Bilduren Gasteizko Udaleko bozeramaile moduan egindako ibilbidea. EH Bilduk Larrionen dimisioa onartu zuen "kode etikoa urratzeagatik". Gertatutakoaren arrazoiak argitu gabe, "guztiz pertsonalak" zirela azpimarratuz, sekretupean izan da azken urtean afera.

Orain, Larrionek berak Facebook-en zabaldutako gutun batean esan du buru osasun eritasun bat diagnostikatu eta artatzeko tratamendua jaso duela, eta Fiskaltzarekin akordioa adostu duela. "Gaur, esan diezazueket gertatutakoaren inguruan akordioa itxi dudala Fiskaltzarekin, Osakidetzako profesionalen txostenetan oinarrituta hartutako erabakiari esker". Tratamenduan jarraitzen duela aipatu du, eta laster lan komunitarioekin hasiko dela gogoratu: "Beste batzuei laguntzeko, besteek niri lagundu didaten moduan. Ahalik ondoen itxi nahi dut nire bizitzako atal hau. Gogorra izan da. Baina gogorretik ere zerbait ona atera liteke".

Atzera begira, egindako "akats bat" izan zela azpimarratu du Larrionek, "eta laguntza eskatzeko oihu bat ere". Gaizki zegoela jakin bazekien arren, "zenbaterainoko" larritasunaz ez zela jabe kontatu du. "Askotan aipatzen nuen zein nekatuta sentitzen nintzen edo lo hartzea ze zaila egiten zitzaidan: Baina egia da garai hartan jende askori gertatzen zitzaion zerbait zela, eta, gainera, gertatzen zaigunari garrantzirik ez emateko gure ohitura txar hori ere hor dagoela...". Buruko gaitza "presio eta ezinegon handi bat denbora luzean" jasan ostean heldu zela azaldu du: "Ni behintzat hautsi egin nintzen. Nigandik, nintzen pertsona horrengandik, urruntzen joan nintzen poliki-poliki".

Arazoa diagnostikatu ostean, "itzulera bidaia" hasi zuela esan du. "Lehena eta garrantzitsuena giro jakin bat atzean uztea izan zen, estresa eta ezinegona eragiten zidana, min horretatik urrundu ahal izateko. Tratamendua hastea eta inguruan babesak bilatzea".

"Itzulera bidaia" ez dela amaitu nabarmendu du, baina "hurrengo geltokitik" gertuago dagoela. "Egin dezakegun keinu txikienak bidaia errazten lagun diezaioke beste norbaiti. Egin dezagun ibiliz, bidea".

 

Erlazionatuak

Nire itzulera bidaia ez da amaitu

Erabiltzailearen aurpegia Miren Larrion 2022 api 22 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago