Bada urtebete pasatxo akats bat egin eta aitortu nuenetik. Une hartan, ez nintzen jabetzen kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzea, akats bat ez ezik, laguntza eskatzeko oihu bat ere bazela. Zortea izan nuen, eta oihu hura entzuna izan zen. Honela, behar nuen arreta jaso nuen, diagnostikatua eta tratatua izan naiz Osakidetzako lantalde profesional bikain baten laguntzaz.
"Behar nuen arreta jaso nuen, diagnostikatua eta tratatua izan naiz Osakidetzako lantalde profesional bikain baten laguntzaz"
Gaur, esan diezazueket gertatutakoaren inguruan akordioa itxi dudala fiskaltzarekin, profesional horien txostenetan oinarrituta hartutako erabaki bati esker.
Gaizki nengoela banekien, ez dut ukatuko, baina ez nintzen zenbateraino nengoen horrela jabetzen. Askotan aipatzen nuen zein nekatuta sentitzen nintzen edo lo hartzea zein zaila egiten zitzaidan. Baina, egia da garai hartan jende askori gertatzen zitzaion zerbait zela, eta, gainera, gertatzen zaigunari garrantzirik ez emateko gure ohitura txar hori ere hor dagoela...
Batek baino gehiagok esan izan dit: "Baina zu indartsua zara". Eta hori da aztertu beharko genukeen beste mezu bat. Indartsuak izan gaitezke, baina zer gerta liteke presio eta ezinegon handi bat denbora luzean jasan behar izaten dugunean? Ni behintzat hautsi egin nintzen. Nigandik, nintzen pertsona horrengandik, urruntzen joan nintzen, poliki-poliki.
"Gaur, esan diezazueket gertatutakoaren inguruan akordioa itxi dudala fiskaltzarekin"
Horrela, itzulera bidai luze bat hasi zen. Lehena eta garrantzitsuena giro jakin bat atzean uztea izan zen, estresa eta ezinegona eragiten zidana, min horretatik urrundu ahal izateko. Tratamendua hastea eta inguruan babesak bilatzea. Ebidentzia onartuko dut: bada bakarrik uzten zaituenik. Ebidentzia onartuko dut: bada, aurrekoa jakinda, bakarrik geratuko ez zarela erabakitzen duenik. Gertuko familiaz eta gertuko lagunez ari naiz, dena ematen dizuten horietaz. Asko izan zarete, modu batera eta bestera, garai txarretatik pasa izan zaretenak, eta, horregatik, gertatzen ari zitzaidana ulertu duzuenak. Ez daukat hitzik nirekiko izan duzuen babes keinu bakoitza adierazteko. Ikaragarria izan da.
Gertukoenak aipatu ditut. Baina, beste gertuko askoz ere ari naiz: EHUko nire lankideez; mezuak bidali eta babesa adierazi didazuen beste mila batailetako kide ohiez; sare sozialetan jaso eta oraindik irakurri eta erantzun ezin izan ditudan mezuez, aukera dudanean erantzungo ditudan horietaz; nire bizilagunez eta kalean goxotasunez gelditu nauen jende guztiaz.
"Buruko osasun arazoak hain hedatuta dauden garaiotan, azpimarratu nahi dut keinu txiki bakoitzaren garrantzia"
Buruko osasun arazoak hain hedatuta dauden garaiotan, azpimarratu nahi dut keinu txiki bakoitzaren garrantzia. Errekuperazioa ez da ekintza soil edo une bat, milaka aldaketa txiki baizik. Eta keinu bakoitzak aldaketa bakoitza indartzen du. Eta, aldaketa txikiak ohitura txiki bihurtzen dira, eta denborarekin, norbera berriz norbera izatera itzultzen da.
Gure ahultasuna da gutako bakoitza elur maluta soil moduan ikustea. Gutako bakoitza, gure aldetik, oso hauskorrak izan gaitezke. Baina, orain eta hemen, elur maluta asko gara. Elurra ari du. Eta buruko osasunaren mantua gero eta ikusgarriagoa da, gero eta premiazkoagoa.
Nire itzulera bidaia ez da amaitu. Tratamenduan jarraitzen dut. Esan dizuedan bezala, akordio bat itxi dut eta laster lan komunitarioak egiten hastea espero dut, beste batzuei laguntzeko, besteek niri lagundu didaten moduan. Ahalik ondoen itxi nahi dut nire bizitzako atal hau. Gogorra izan da. Baina, gogorrenetik ere zerbait ona atera liteke. Pertsona asko izan zarete zerbait on hori.
"Nire itzulera bidaia ez da amaitu, baina nire hurrengo geltokitik gertuago nago"
Nire itzulera bidaia ez da amaitu, baina nire hurrengo geltokitik gertuago nago. Bidaiari askoz gehiagorekin batera. Egin dezakegun keinu txikienak bidaia hori errazten lagun diezaioke beste norbaiti. Iristea lortzen duen bakoitzak, errazago egingo dio beste bati iristea. Egin dezagun, ibiliz, bidea.
Eskerrik asko!
Gutun hau Miren Larrionek argitaratu du bere Facebook orrialdean, eta bere horretan ekarri dugu ALEAra. ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.