Apirilaren 16ko 22:30ak aldera gertatu zen ezbeharra, Haroko Fuente Ciega industrialdean: Lujo y Blanco enpresa agrokimikoan segurtasun lanetan ari zen 51 urteko langile gasteiztar bat pabiloiko ate baten azpian harrapatuta gelditu zen.
Industrialdean patruilatzen ari ziren bi udaltzain enpresa horretako ateetako bat irekita zegoela ohartu ziren, eta bertan topatu zuten gasteiztarra, harrapatuta. Langilea askatu zuten, baina dagoeneko hilda zegoela antzeman zuten.
Abisua eman ondoren iritsi ziren osasun zerbitzuek lan istripuan hildako langilearen heriotza berretsi egin zuten. Handik gutxira, Guardia Zibila, Lan Ikuskaritza, auzitegiko medikuak eta Polizia Judiziala ere bertaratu ziren, gertakarien inguruko ikerketa irekitzeko.
LAB sindikatuaren datuen arabera, dagoeneko 20 lan istripu hilgarri gertatu dira Euskal Herrian 2022an zehar. Gainera, hiru dira lan istripuz hildako arabarrak: asteburu honetan hildakoaz gain, urtarrilaren 10ean 47 urteko langile bat hil zen Olarizuko obretan, aldamio batetik erorita; bestalde, urtarrilaren 19an, 46 urteko beste langile bat hil zen Pipaonen, adar batek kolpatuta.