Inausketa lanetan zebilen langile bat hil da gaur Pipaongo baso batean. Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, tamaina handiko adar bat langilearen gainean erori denean gertatu da ezbeharra. Inpaktuaren eraginez, kaskoa apurtu zaio, eta buruan kolpe handia jaso du.
Goizean izan da lan istripua, Herrera eta Eskamelo gainen artean dagoen baso batean.
Ezbeharraren berri jasotzean, bertara joan dira Ertzaintza, suhiltzaileak eta Osakidetzako larrialdi zerbitzuak, baina ezin izan dute ezer egin langilearen bizia salbatzeko. Arratsaldean jaso dute gorpua, helikoptero batean.
Osalanek jasotako informazioaren arabera, beharginak 46 urte zituen, eta sei hilabete zeramatzan enpresan. Zallan (Bizkaia) egoitza duen enpresa baterako lanean ari zen. Istripua gertatu den unean, ez zegoen inor haren alboan.