Lan heriotza

Langile bat hil da Olarizuko obretan, aldamio batetik erorita

Erredakzioa 2022ko urt. 10a, 13:30
Olarizu hiribideko eraikin zaharren eraispena, 2021eko udan. / ALEA

Gasteizko Olarizu auzoan eraikuntza lanetan zebilen 47 urteko behargin bat aldamiotik erori eta hil egin da. Larrialdi zerbitzuetako anbulantzia bat bertaratu da, baina ezin izan dute langilearen bizitza salbatu.

Iturri sindikalen bitartez ALEAk jakin duenez, ezbeharra astelehen honetako eguerdian gertatu da: Olarizu hiribideko eraikin baten fatxadako obretan lanean ari zen 47 urteko langilea aldamiotik erori da, eta, hogei metroko erorikoaren ondorioz unean bertan hil egin da. Behargina LAR Servicios Auxiliares a la Construcción SL enpresarako —Construcciones Urrutia SL enpresaren azpikontrata— ari zen lanean. Bertaratutako anbulantziako langileek ezin izan dute ezer egin bere bizitza salbatzeko.

Oraingoz ez dago lan istripuaren arrazoien eta xehetasunen inguruko informazio gehiagorik, eta Osalanek eta Ertzaintzak ikerketa abiatu dute, horiek argitzeko helburuarekin.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek lan istripu hilgarria salatzeko eta gertukoei elkartasuna eta doluminak adierazteko mobilizazio bateratua antolatu dute ostegunerako, hilaren 13rako, 11:30ean Olarizu hiribidean, Prekarietatea hiltzailea! Lan istripu gehiagorik ez! lelopean. Bere aldetik, CCOO sindikatuak beste elkarretaratze bat deitu du hilaren 12rako, 12:00etan SEAren aurrean.

Urteko lehen lan heriotza Araban

LAB sindikatuaren datuen arabera, 2021. urtean zehar, Euskal Herrian 62 langile hil ziren lan istripuz, horietako zazpi Araban. Gaurkoa 2022an Araban gertatutako lehen lan istripu hilgarria izan da; bigarrena Euskal Herrian.

Eraikuntzaren sektoreko lan heriotzen aurrean, "instituzioen inplikazioa eta benetako prebentzio politikak izango dituen" plan espezifikoa eskatu du sindikatu abertzaleak, "arazoaren erroa prekarizazioa, azpikontratazioa eta sektore honetako lan baldintzak" direla iritzita.

CCOO sindikatuak "horrelako gertaerak berriro gerta ez daitezen behar diren neurriak" har ditzatela exijitu die enpresei eta administrazioari. "Gizarte aurreratu batek ezin du, eta ez du bere gain hartu behar, bizitza irabazteko egunero lanpostura joateko egunero bizitza jokoan jarri behar izatea", salatu du sindikatuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide