Beste bi greba egun Osakidetzan, apirilaren 8an eta maiatzaren 16an

Erredakzioa 2022ko mar. 28a, 13:30

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SATSE sindikatuen prentsaurrekoa. / Argazkia: LAB

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek grebara deitu dute berriz ere Osakidetzan, Osasun Sailaren "immobilismoaren" aurrean: apirilaren 8an, Lehen Mailako Arreta osoan; maiatzaren 16an, ospitaleetan eta osasun mentalean.

Greba dinamikarekin jarraitzea erabaki dute Osakidetzako SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek. Otsailaren 25ean Lehen Mailako Arretan eta otsailaren 28an Osakidetza osoan greba egin ostean, beste bi greba egun deitu dituzte: apirilaren 8an, Lehen Mailako Arreta osoan egingo dute; maiatzaren 16an, berriz, ospitaleetan eta osasun mentalean. Gainera, apirilaren 1ean, 13:00ean, elkarretaratzeak egingo dituzte Lehen Arretako osasun zentro guztietan.

"Osasun Sailak ez du urrats bakar bat ere egin gure osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria iraultzeko", salatu dute sindikatuek. "Azken asteetan egin duen gauza bakarra EPE eskas baten azterketa datak iragartzea izan da. 1.611 plaza besterik ez daude deituta, duela urtebete eskas behin- behineko 24.600 langile baino gehiago egon arren, hamarretik ia sei".

Lehen Arretaren etorkizuna

Alde batetik, "Lehen Arretak azken hamarkadan pairatu duen desegitearen ondorioak jasaten jarraitzen" duela ohartarazi dute sindikatuek: "Sistematikoki gainezka dago, eta, askotan, kolapso egoerara heltzen da. Lehen Arretaren etorkizuna dago jokoan, batez ere kontuan hartzen badugu datozen urteetan, premiazko neurririk hartu ezean, egoerak okerrera egingo duela, erretiro asko izango baitira".

Negoziazioa

Bestalde, Mahai Sektoriala "propagandarako" erabili izana leporatu diote Osakidetzari. Horren aurrean, joan den martxoaren 9an, bilera bat egiteko deia egin zioten sindikatuek Osakidetzako zuzendaritzari. "Mahai horretan, gutxienez, negoziazio metodologia bat adostea zen helburua, hartu beharreko premiazko neurriei modu duinean aurre egin ahal izateko. Osakidetza ez zen bilera joan", azaldu dute.

"Berriro ere, negoziaziorako deia egiten diogu Osakidetzari konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko. Baina ohartarazi nahi diogu berriro ere ez dugula ez xantaiarik ez propaganda ekintzarik onartuko. Benetako negoziazioa eskatzen dugu, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik egiten ez bada, ez dugu berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dugu", ohartarazi dute.

"Nekea" eta gatazkak

Sindikatuen arabera, langileen nekea "argi eta garbi" islatzen ari da deitutako mobilizazioen "jarraipen masiboan" eta bestelako gatazka ugarietan: besteak beste, Lehen Arreta, TGEEZ, Urdulizko Ospitalea, Txagorritxuko Larrialdi Pediatrikoak, Gurutzetako Larrialdiak, Santiago Ospitaleko Larrialdiak, Donostia Ospitaleko Mantenua, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Arabako Osasun Mentaleko Sareko sukaldea, Basurtuko bihotzeko Kirurgia eta Gurutzetako Ospitaleko Mantenua aipatu dituzte.

"Gatazka horiek hilabeteak edota urteak daramatzate, eta, kasu askotan, hainbat greba egun egin dira. Hala ere, Osakidetzak ez du horiek konpontzeko inolako asmorik", salatu dute.

Transfusio eta Giza Ehunen Zentroa

Azkenik, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan jadanik bi greba egun egin dituztela gogora ekarriz, lau greba egun gehiago iragarri dituzte sindikatuek, apirilaren 19tik 22ra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago