Gasteizko auzoak ez dira logela-auzo hutsak, ez horixe. Bizitza eta bizi-gogoa dituzte, eta auzotar askok, horietako asko gazteak, euskaraz bizitzeko eta euskara biziberritzeko asmoa dute ere bai. Auzoa da haien eremua, baina ez dira irla isolatuak, artxipielagoa osatzen dute eta Gasteiz du izena. Bada gure hiria hobeto ezagutzeko garaia, ezta? Eta zer hobe egoera hori bizi dutenek kontatuta baino?
Txagorritxuko Zizta Euskara Taldea, Judimendiko Gazte Asanblada, SUmendi eta Zabalgana Euskara Taldeko (ZET) kideek gidatuko gaituzte haien bizi esperientzietatik. Arabagara - Euskaltzaleen Topaguneko Oskar Garcia de Bikuñak bideratuko du saioa.
Zizta Euskara Taldea
Gasteizko Txagorritxu auzoko zenbait gazteren ekimenez 2015. urtean sortutako euskara taldea da Zizta Euskara Taldea. Auzoko gazteen hizkuntza inertzia eta ohiturak aldatzea helburu, umorea eta zirikatzeko gogoa lagun, askotariko ekimenak antolatzen ditu. Horrez gain, euskalgintzako zein herri mugimenduko bestelako eragileekin sareak sortzearen alde egiten du.
Judimendiko Gazte Asanblada
Judimendin diharduen gazte taldea, auzoko, Gasteizko eta Euskal Herriko gazteriaren kezka eta beharrei erantzuteko eta auzoan euskararen erabilera sustatzeko 1999an jaioa.
Sumendi espazioa
2016az geroztik, Sumendi espazio autogestionatua da Judimendiko gazteen lokala; horren helburu nagusia aisialdi alternatiboa eta berezko espazio bat eskaintzea da, auzoko gazteen beharrak asetzeko eta auzokideei aukera ezberdinak emateko.
Zabalgana Euskara Taldea
Zabalgana auzoan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko asmoz, euskaltzale talde batek sortutako taldea da Zabalgana Euskara Taldea (ZET). ZETek askotariko ekimenak antolatzen ditu, adin guztietako auzokideentzat. Taldea irekita dago auzoan euskararen alde egin nahi duen edonorentzat.
Eragiteko janzten jardunaldiak
Berriz da abian Eragiteko janzten, Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. Iaz jarri zuten hazia, eta aurten eragiten jarraitzeko asmoarekin datoz, Gasteizko euskaltzaleentzat gogoeta gune bat sortu, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko.
Otsailaren 22an hasita eta maiatzera bitartean, lau saio izango dira aurten Oihaneder Euskararen Etxean, Sumendi espazioan eta Salburua gizarte etxean. Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunean daude.