2021ean euskararentzat etorkizun hobea nahi duten hainbat gasteiztar hilean behineko saioetan elkartzen hasi ziren. Saio ezberdinetan metodologiak ezagutzeko aukera izan zuten, beste batzuetan esperientziak, denetan gogoeta interesgarriak. Iazkoaren ostean, aho-zapore goxoa eta gehiagorako gogoa geratu zitzaien antolatzaileei, eta aurten Eragiteko janzten izeneko ziklo honen bigarren edizioa antolatzera animatu dira.
Aurtengo lehen saioan, Gasteizko euskara jendearena argazkia irudikatzea izan dute helburu. Askotan gertatu ohi da hiri berean bizi izanda ere elkarren berri ez izatea. Arrazoi horregatik "Gasteizko euskararen familia" irudikatzen hasteko balio izan du lehen saio honek. GEU elkarteko lehendakari Irati Iciar Madinabeitiak bideratuta, eta denon ekarpenekin, Gasteizko euskalgintzan zein eragile dagoen eta bakoitzak zer egiten duen argitzen saiatu ziren.
Eragiteko janzten jardunaldiak
Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez, abian da berriz ere Eragiteko janzten jardunaldi zikloa. Iaz jarri zuten hazia, eta aurten eragiten jarraitzeko asmoarekin datoz, Gasteizko euskaltzaleentzat gogoeta gune bat sortuko duena, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko gunea.
Otsailaren 22an hasita eta maiatzera bitartean, lau saio izango dira aurten Oihaneder Euskararen Etxean, Sumendi espazioan eta Salburua gizarte etxean. Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunean daude.