Iaz jarri zuten hazia, eta aurten eragiten jarraitzeko asmoarekin datoz Eragiteko janzten jardunaldiak, Gasteizko euskaltzaleentzat gogoeta gune bat sortuko duena, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko gunea.
Maiatza bitarte, lau saio izango dira Oihaneder Euskararen Etxean, Sumendi espazioan eta Salburuko gizarte etxean. Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunean daude.
Gasteizko euskara jendearen argazkia irudikatzen ahaleginduko dira lehenengo saioan. Argazki honetarako, euskararen egoerak kezkatuta etorkizun hobea eraikitzen ahalegintzen direnak hartuko dituzte; gasteiztar euskaltzaleak dira eragiteko elkartzen direnak, adibidez: guraso elkarte, euskara talde, ikasle edo langile batzorde, komunikabide, auzo elkarte, aisialdi-kultura-kirol taldeetan... "Baina, zein dira? Non eta zein arlotan aritzen dira? Zer egiten dute? Noiz? Bada aukerarik, elkarren berri izanda, elkarlanean aritzeko?", galdetu dute antolatzaileek. GEU elkarteko lehendakari Irati Iciarrek bideratuko du saioa, eta denen ekarpenekin nortzuk diren eta zer egiten duten argitzen saiatuko dira. Hilaren 22an izango da lehenengo saio hau, 18:30ean, Oihanaderren.
Bigarren saioan, martxoaren 29an, Gasteizko auzoetako euskara taldeei erreparatuko diete. Txagorritxuko Zizta taldea, Judimendiko Gazte Asanblada eta ZET Zabalganako Euskara taldearen esperientziak izango dira mahai gainean, Topaguneko Oskar Garcia de Bikuñak gidatutako saioan.
Etorkizunera jauzi egingo dute hirugarren saioan, Asier Etxenike eta Iñaki Martinez de Lunaren eskutik. 2040. urtean Gasteizko euskaldunak nola izan daitezkeen irudikatuko dute, aldagai desberdinak kontuan hartuta. Salburuko gizarte etxean izango da, apirilaren 26an.
Amaitzeko, maiatzaren 31n, kultura izango dute ardatz Jon Sanchezek Oihanederren bideratutako solasaldian; Miren Narbaiza, Edurne Azkarate eta Oihana Bartra sortzaileak izango da hizlari.
2021eko edizioaren informazioa eta bideoak ALEAren webguneko atal berezi honetan topa ditzakezue.