Martxoaren 3ko biktimentzako justizia exijituko dute, 46 urteko zigorgabetasuna hausteko

Erredakzioa 2022ko mar. 1a, 13:30

Jacinto Lara abokatua, M3 Elkarteko Nerea Martinez eta Andoni Txaskorekin. / M3 ELKARTEA

Justizia aldarrikatzeko hitzordu ugari izango dira aurtengo martxoaren 3an. Argentinako Kereilari Laguntzeko Estatuko Koordinakundearen (CEAQUA) babesak markatuko du 46. urteurrena, Gasteizko sarraskia "estatu indarkeriaren errepresio estrategia sistematikoaren icebergaren punta" izan zela ikusarazteko.

Urtez urte ozenago entzun daiteke Polizia Armatuak 1976ko martxoaren 3an hildako bost langileentzako justizia eskatzen duen aldarria. Urtez urte, halaber, Gasteizko sarraskiaren arduradunen zigorgabetasunak mahai gainean jarraitzen du, horrekin amaitzeko urrats txiki bezain sendoak egiten ari diren arren. Urtero, biktimen borrokak eta gasteiztarren babesak bat egiteko unea bihurtzen da urteurrena, urtean zehar lortutako aurrerapausoak ospatu eta aurretik dauden erronka nagusien inguruan indarrak metatzeko.

Martxoaren 3aren 46. urteurrena izango dugu ostegun honetan, eta aurtengo planteamenduaren zein hitzorduen berri emateko prentsaurrekoa eman du Martxoak 3 Elkarteak, Jacinto Lara Argentinako Kereilaren abokatuarekin batera. Gainera, aurten CEAQUA koordinakundeko hainbat plataformako ordezkarien babesa izango dute deialdiek, "ikustarazteko Gasteizko sarraskia ez dela gertakari isolatu bat, baizik eta estatu indarkeriaren errepresio eta zigorgabetasuneko estrategia sistematiko eta estrukturalaren icebergaren punta".

Nerea Martinez Aranburuzabala eta Andoni Txasko Martxoak 3 Elkarteko bozeramaileek salatu dute "46 urte geroago oraindik ez dugula justiziarik ikusi eta Espainiako Erresuman zigorgabetasuna dela nagusi", baina argi utzi dute "justizia lortzeko lanean" jarraituko dutela.

Martin Villaren auzipetzea

Bere aldetik, Jacinto Lara abokatuak Argentinako Kereilaren egungo egoera eta Martin Villaren auzipetzearen nondik norakoak azaldu ditu. Larak nabarmendu du Kereilak "inflexio-puntua" ezarri duela "estatu indarkeriaren zigorgabetasunaren aurkako borrokan". Izan ere, lehen aldiz Gasteizko estatu krimenaren biktimek prozesu judizial bat aurrera eraman dutela, eta, horren ondorioz, Rodolfo Martin Villa giza hilketa larrituengatik auzipetu dutela azpimarratu du, "gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan".

Bere ustez, auto hori "Espainiako bidegabekeriaren eta zigorgabetasunaren aurkako borrokaren hamarkada hauetan guztietan eman den pausorik garrantzitsuena" izan da. Auzipetu eta aste gutxira, Argentinako Apelazio Ganberak meritu faltagatik auzipetzea ezeztatu bazuen ere, ministro ohi frankistak inputatuta jarraitzen du gaur egun. "Ganberaren autoa ez da irmoa, horren aurka kasazio-errekurtsoa jarri baita. Martin Villaren aurkako prozesua ez da inola ere artxibatuko, aipatutako kasazio-errekurtsoaren emaitza edozein dela ere", azaldu du abokatuak.

Zigorgabetasun eredua, "Estatuaren gangrena"

Jacinto Lararen ustez, Argentinan lortutako "aurrerapen izugarria" ez dator bat Espainiako Estatuko egoerarekin: "Gaur egun, bere zigorgabetasun eredua mantentzen jarraitzen du, Nazioarteko Zuzenbideko krimenak epaitzea galarazten du; diktadura frankistan eta Trantsizioko prozesu politikoan egindako gizateriaren aurkako krimenak, hain zuzen ere", salatu du.

"Zigorgabetasuna Zuzenbide Estatua gangrenatzen ari da", ohartarazi du Argentinako Kereilako abokatuak, eta dei egin die legebiltzarkide taldeei "Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearekin eta Nazioarteko Zuzenbide Penalarekin bat datorren legegintza politika beharrezko eta ezinbesteko bati ekin diezaioten".

Kontzientziaren Kanpaiak eskultura

Martxoak 3 Elkartearen izenean, Andoni Txaskok eskerrak eman dizkio Jacinto Larari, bere abokatu taldearekin batera Madrilen eta Buenos Airesen egiten ari den lanagatik. Horregatik, "Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren aldeko borroka luze honetan laguntzen eta ekarpenak egiten ari diren pertsonei" eskainitako Kontzientziaren Kanpaiak eskultura eman diote.

Elkarteak ematen duen zortzigarren pieza da; aurretik, beste zazpi lagunek jaso dute:

  • 2007: Lluis Llachi
  • 2009: Elkartearen defentsa abokatuei eta Teia Rouresi, 2006ko manifestazioan Ertzaintzak egindako kargaren ondoriozko karguengatik absoluzioan izan zuten funtsezko eginkizunagatik.
  • 2011 eta 2013: Koldo Larrañaga eta Periko Solabarriari, egindako lanagatik eta langileen borrokaren memoriaren sugarra bizirik mantentzeko konpromisoagatik.

Nazioarteko elkartasunerako parada

Bestalde, Nerea Martinezek, "Gasteizko herriaren elkartasuna" azpimarratzeaz gain, 46. urteurren honek beste latitude batzuetatik iristen den babesa eta konpromisoa ikusarazteko balioko duela iragarri du. Izan ere, aurtengo ekitaldietan Iruñeko, Sartagudako, Kataluniako, Madrilgo, Asturiasko eta Valentziako ordezkaritzek izango dute presentzia, "Argentinako Kereilan eta beste eskari juridiko, politiko eta instituzional batzuetan bidelagun" diren heinean.

"Gasteizko sarraskia gertakari isolatu bat ez dela ikusaraziko dugu, baizik eta estatu indarkeriaren errepresio eta zigorgabetasuneko estrategia sistematiko eta estruktural baten icebergaren punta", adierazi du bozeramaileak. "Estatuaren aparatuek bidegabekeriazko harresi bat eraiki dute, lotsa demokratikoaren benetako horma bat, eta bide guztietatik pitzatzen saiatuko gara".

Hitzorduak

Azkenik, mobilizaziorako eta "memoriaren alde eta sarraskia salatzeko" antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia egin du Martxoak 3 Elkarteak: "Gaur egun, orduan bezala, pertsona guztientzako eskubide sozial, laboral eta demokratiko guztiak defendatzeko borrokek indarrean jarraitzen dute", azpimarratu dute.

Martxoak 3 Elkarteak honako deialdietan parte hartuko du Gasteizko sarraskiaren 46. urteurrenean:

  • Martxoak 1, asteartea: Martxoak 3 Gogoetak - Recuerdos del 3 de Marzo, Eloy Gonzalez Gavilanen dokumentalaren aurkezpena, Zaramagako Adinekoen Zentro Soziokulturalean, 18:00etan.
  • Martxoak 2, asteazkena: Gasteizko sarraskia eta Herri M3moria hitzaldia, Zabalgana Euskara Taldeak antolatuta, 19:00etan Zabalganeko Gizarte Etxean.
  • Otsailaren 28tik martxoaren 7ra: Luis Ziarrustaren argazki erakusketa, Zabalganeko Gizarte Etxean.
  • Martxoak 3, osteguna: 18:30ean omenaldia eta 19:00etan manifestazioa; ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta, Martxoak 3 Elkartearen eta CEAQUAren parte hartzearekin.
  • Martxoak 3, osteguna: era berean, Martxoak 3 Elkartea urtero EH Bilduk antolatzen duen ekitaldian parte hartzera gonbidatu dute, 12:30ean monolitoan.
  • Martxoak 6, igandea: Vitoria, 3 de Marzo filma proiektatuko da, 18.00etan Kanpezuko Kultur Etxean; ondoren, solasaldia egingo dute.

Alderdiak eta sindikatuak

Martxoak 3 Elkartearen parte hartze zuzena izango duten hitzorduez gain, hainbat sindikatuk eta alderdi politikok ere ekitaldiak antolatu dituzte:

  • CCOO sindikatua: lore eskaintza, 10:30ean Martxoak 3 plazako monolitoan; ordezkaritzaren buru izango dira Loli Garcia sindikatuko idazkari nagusia, Silvia Sanchez Euskadiko CCOOko Arabako lurralde arduraduna, eta Fran Osuna Euskadiko CCOOko Ekintza Sindikaleko arduraduna.
  • Ezker Anitza-IU eta EPK: lore eskaintza, 11:00etan Martxoak 3 plazako monolitoan; Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaile nagusia eta Jon Hernandez EPK-ko idazkari nagusia bertan izango dira.
  • LAB sindikatua: omenaldia eta lore eskaintza, 11:30ean San Frantzisko elizaren aurrean, Martxoak 3, 1976-2022. Borrokak merezi du lelopean.

Gazte mugimenduaren deialdiak

Horrez gain, gazte mugimenduko eragile zein antolakunde politikoek hainbat deialdi egin dituzte Martxoaren 3aren bueltan:

  • Gasteizko Gazte Blokea: martxoaren 3an, 18:00etan, Gazte Blokea abiatuko da Hala Bedi Tabernaren paretik, 18:30ean sindikatuen omenaldiarekin eta manifestazioarekin bat egiteko.
  • Bloke Sozialista: martxoaren 3an, , Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta GKSk antolatuta, ekitaldi politikoa egingo dute, 13:30ean Martxoak 3 plazan; arratsaldean, Bloke Sozialista irtengo da 17:45ean Etxauri plazatik, manifestazio nagusiarekin bat egiteko. Aurreko egunetan, hainbat hitzordu antolatu dituzte: otsailaren 25ean, Iraganeko ikaspenetatik sozialismora hitzaldia; eta martxoaren 1ean, Martxoaren 3ko testuingurua eta hipotesi eguneratuak hitzaldia, 17:00etan Aldabe gizarte etxean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago