Jacinto lara

"Martxoak 3ko auzian frogatuta dago Martin Villaren ardura penala"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ira. 11a, 08:00

Jacinto Lara Argentinako Kereilako abokatu-taldeko kidea da. CEAQUA

Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankista gizateriaren aurkako krimenengatik auzipetzeko nahikoa froga daudela berretsi du giza eskubideetan aditua den Jacinto Lara abokatuak. Gaineratu duenez, aurrekaria izan daiteke Argentinako Kereilako gainerako inputatuentzat.

Argentinako eta Espainiako estatuko auzitegietan frankismoko biktimen kereilak aurkeztea bultzatu duen talde juridikoko kidea da Jacinto Lara, krimen horiek ikertu eta epaitu ditzaten. Giza Eskubideetan eta Justizia Unibertsalean aditu den abokatuak berretsi du Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankista gizateriaren aurkako krimenen erantzule dela esateko froga nahikoak  daudela.

Noizko espero duzue Rodolfo Martin Villaren auzipetzeari buruzko Maria Serviniren erabakia? 

Ez dakigu zehazki. Hamar egun balioduneko epea du deklarazioa hartzen duenetik, eta, gero, epe hori luza dezake. Kontuan izan behar da Martin Villaren ikerketa-deklarazioa defentsa-eskubidearen barruan kokatzen dela. Epaileak adierazpen horren edukia kontuan hartu behar du erabakia hartzerakoan, eta bere balorazioa egingo du. Baina, bestalde, egia da urte asko daramatzagula horrekin, froga eta diligentzia ugari egin direla, eta, azken finean, epaileak gai horri buruzko ikuspegi argia izango duela.

Zer nabarmenduko zenuke aitorpenaz eta horren inguruan sortu den guztiaren inguruan? 

Adierazpena hartzeari dagokionez, azpimarragarriena da, lehen aldiz, diktadura frankistak eta trantsizioak egindako nazioarteko krimenekin lotuta, erantzukizunak –erantzukizun handiak eta erantzukizun larriak– dituen norbait justiziaren aurrean esertzen dela, kasu honetan Argentinako epaile baten aurrean, azalpenak emateko. Bere defentsarako eskubidea artikulatzeko egiten du, prozesu judizial batean inputatuta egotearen ondorioz. Lehen aldia da, gainera, 40 urteko demokrazian, eta Espainiako auzitegietan inoiz erantzunik eman ez duten ekintza judizial ugari gauzatu ondoren; sustatu diren ekintza judizial horiek guztiak artxibatu besterik egin ez dituztelako. Edukiari erreparatu gabe, berez, ikerketa-deklarazioa hartzea guztiz garrantzitsua da.

"Gizateriaren kontrako krimenak dira, horrela tipifikatuta daude nazioartean".

Espainiako lau presidente ohiek Martin Villaren alde idatzitako gutunek auzipetzearen garrantziarekin zerikusia dute? 

Jakina. Argentinako Kereila Babesteko Estatuko Koordinakundeak ez ezik, komunikabideek ere garrantzia ematen diote, eta maila politikoan ikusten ari gara adierazpenaren garrantzia eta duen eragina.

Nola ulertu behar da babes hori? 

Auzian sartu diren adierazpen guztiak, azken batean, Martin Villak berak epaileari aurkeztu dizkion adierazpenak dira, Borrellek izan ezik, hark Argentinako enbaxadara zuzentzen baitu, baina, ondoren, Martin Villak epailearengana bidaltzen du. Horrek agerian uzten du hainbat kontu: lehenengoa, maila politikoan sortzen ari den kezka. Bigarrena, maila politiko guztiekin eta boterearekin zuzenean gaur egun, oraindik, Martin Villak dituen harremanak eta loturak. Eta hirugarrenik, prozesu judizial baten esparruan injerentzia politiko onartezina iruditzen zaigu.

Gutunek harritu zaituzte?

Ez.

Arrazoi juridikoak baino arrazoi politikoak gailentzen ari direla esan duzue. Zergatik? 

Martin Villak prozesu judizial honetan duen defentsa ildoak sostengu eta oinarri politiko oso garrantzitsua du. Horri buruz ari gara, prozesu judizial batean esparru juridikoan mugitzen baikara; eta kasu zehatz honetan epaitzen diren krimenak kalifikatzeko nazioarteko zuzenbidearen, giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide penalaren esparruan. Eta haren defentsa-ildoa, funtsean, bi gaitan oinarrituta dago: nik ez nuen zerikusirik izan krimen horiekin; nik bultzatu nuen prozesu politikoak, trantsizioak, erraztu du Espainiako estatu osoan estatu demokratiko bat eskuratzea. Horiek dira Martin Villaren defentsa ildoak, eta izaera politikoa duen defentsa batean sakondu du gehienbat. Baina berriro diot, hemen ez gaude eztabaida politiko batean. Hemen, eztabaida juridiko batean gaude. Eta eztabaida juridiko horri dagokionez, nire ustez, akusazioaren ildoak ere oso argiak dira.

Zeintzuk dira akusazioaren oinarri juridikoak?

Inork ezin du ukatu Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an, gertatu zena gertatu zenik, baina ez naiz horretaz ari; historikoki badakigu existitu zela, baina, gertaera horiek egin izana egiaztatzeaz gain, prozesu judizialaren esparruan frogatu behar da, eta uste dugu egiaztatuta dagoela Martin Villak gertakari haiekiko duen erantzukizun penala. Horri buruz ari naiz. Hemen hainbat kontu daude. Nire ustez, lehenik eta behin, argitu behar da zergatik hartzen ditugun nazioarteko krimentzat. Zergatik gizateriaren aurkako krimentzat hartzen diren. Martin Villak espresuki aitortu du estatuko segurtasun indarrak eta baita estamentu militarra ere, ordena eta segurtasun publikoaren arloan eskumenak zituztenak, demokraziara sartu zirela, trantsizioko urte horietan, inolako depuraziorik gabe. Berak esaten du ez zeudela prestatuta, ez zeudela behar bezala prestatuta, eta abar. Diktadura bateko aparatu errepresibo bat mantentzen baduzu trantsizioko gobernuetan, eta aparatu errepresibo horiek beti bezala jarduten badute, hori biztanleria zibilaren aurkako eraso orokorra eta-edo sistematikoa izan daiteke, eta horren froga da urte horietan egindako krimen ugari. 

Gizateriaren aurkako krimenak, ondorioz?

Jakina. Testuinguruari erreparatu behar zaio. Ez da bakarrik pertsona baten heriotza edo, kasu zehatz honetan, Martin Villari egozten zaizkion hamabi hilketa eta 200 zauritu baino gehiago; aitzitik, testuinguruaren elementua dago: zerbait orokorra edo sistematikoa da. Ez bazen hain orokorra, ezta sistematikoa ere, zergatik poliziak sistematikoki modu berean jokatzen zuen? Horixe da salaketaren xede diren gertakizunei kalifikazioa ematen diena. Gizateriaren aurkako krimenak dira, horrela tipifikatuta baitaude nazioartean, eta gure Zigor Kodean ere horrela tipifikatuta dago 2004tik aurrera.

Martin Villak zalantzan jarri du hori.

Giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen edo nazioarteko zuzenbide penalaren esparruan hori eztabaidatzen saiatzeak lotsa ere eragiten du. Tira. Oso kontu argia da. Eta ildo horretan aurrera egin da. Izan ere, gure auzitegiek ere aurrera egin dute 90eko hamarkadaren amaieratik Argentinako diktadura, Txileko diktadura eta Guatemalako kasua ikertzen eta epaitzen aritu direnean. Espainiako estatuko auzitegiek ebazpen judizial oso garrantzitsuak onartu dituzte, baina epaitegi horiek estatuan bertan egin ziren nazioarteko krimenak ikertu eta epaitu behar dituztenean desberdin jokatzen dute, aldatzen da irizpide judiziala, eta esaten da krimenek duten kalifikaziotik harago ezin dela ez ikertu ez epaitu. Ez du ukatzen hori gertatu izana. Delitu isolatuak eta loturarik gabeko delituak direla esaten da, eta ez da inolaz ere aintzat hartzen lehen aipatu dizudan testuinguruaren elementu hori. Bada, testuinguruaren elementu horri buruz ari da etengabe Servini epailea, eta horri esker mantendu da Argentinako kereila hamar urtez.

"Ez gaude eztabaida politiko batean; hemen, eztabaida juridiko batean gaude"

Zer gertatuko litzateke Servini epaileak Martin Villa auzipetzea erabakiko balu?

Beste diligentzia batzuk egitea erabaki dezake, eta horrek ahozko epaiketa ekar lezake.

Martin Villaren ardura argi eta garbi frogatuta dago?

Gure ikuspuntutik bai. Martin Villak gertakari horiekin lotuta duen erantzukizun penala egiaztatuta dago. Bistan denez, errugabetasun-presuntziorako eskubidea du Martin Villak, baina, jakina, zigor-arloko prozesuaren esparruan, Martin Villa auzipetzeko nahikoa zantzu eta froga daude. Gu ez gara Martin Villa kondenatzen ari. Gu ez gara inor Martin Villa zigortzeko, baina prozesu judizial horren esparruan eta errugabetasun-presuntziorako eskubidea uneoro errespetatuz, argi dago bera auzipetzeko urrats hori egin behar dela.

Aurrekaria izan daiteke Argentinako Kereila osatzen duten gainerako salaketen kasuan?

Argentinakoak kereila nagusi bat du, eta, ondoren, salaketak eta kereilak gehitu dira. Oraintxe bertan, ia mila salatzaile edo gehiago egon daitezke. Kausa handia da, konplexutasun handikoa. Izapidetzean, instrukzio-fasean gaude oraindik. Martin Villa auzipetu izanak jauzi prozesal handia ekarriko luke, ahozko epaiketaren irekiera-fasean sartuko ginatekeelako. Gainerako salaketak instrukzio-fasean geratuko lirateke, eta Serviniren ebazpenari eta ebazpen horren oinarriei erreparatu beharko litzaieke. Martin Villaren auzipetzea, alderdi batzuetan, ez guztietan, beste inputatu batzuetara estrapolatu daiteke.

Espainiako estatuak jarritako oztopoak salatu dituzue. Zerbait aldatu da gobernu berriarekin?

Orain arte, ezer gutxi egin du. Ez zitzaigun gustatu, jakina, eta hala salatu genuen, urte honen hasieran gertatutako interferentzia bat: Martin Villaren deklarazioa martxoaren 20rako ezarrita zegoen, eta data hori baino lehen, badirudi Espainiako Justizia Ministerioak Argentinako Kanpo Arazoetako Ministerioari jakinarazi ziola enbaxadaren bidea ez zela egokia, eta erreguzko komisio bat eskatu behar zela, erreguzko komisio hori aldez aurretik atzera bota zenean. Interferentzia berri batekin topo egin genuen. Baina gobernuaren kudeaketa oso urria izan da. Azkenean, deklarazioa juridikoki Argentinako lurraldean gertatu da, eta, beraz, Espainiako agintariak deklarazioa hartzetik kanpo egon dira. Dena den, jarrera horrek ere oso agerian uzten du zein den Estatuaren jarrera auzi horri guztiari dagokionez. Haiekin joango ez balitz bezala jokatzen dute.

Erlazionatuak

Pilota, Serviniren teilatuan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020 ira 10 Araba

Agintari frankista birziklatuaren eredua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020 ira 10 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago