Martxoaren 3an langile borroka "bizirik" dagoela aldarrikatuko dute sindikatuek

Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 13:10

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuen agerraldia, Martxoak 3 plazan.

Datorren ostegunean, Martxoaren 3aren 46. urteurrenean, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek Gasteizko sarraskiaren biktimak omenduko dituzte 18:30ean. Ondoren, 19:00etan, langile borroka "bizirik" dagoela aldarrikatuko dute manifestazioan.

Aurten 46 urte beteko dira 1976an Espainiako Polizia Armatuak bost langile hil zituela Gasteizen: Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral. Hurrengo egunetan, sarraskia salatzeko manifestazioetan, Juan Gabriel Rodrigo Knafo (Tarragonan) eta Vicente Anton Ferre (Basaurin) hil zituzten.

Urtero bezala, aurtengo martxoaren 3an, ostegunean, goizean zehar alderdi eta sindikatuen omenaldi propioak izango dira, eta arratsaldean euskal gehiengo sindikalaren manifestazio bateratuaren txanda izango da. Izan ere, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak bi deialdi bateratu egin dituzte: 18:30ean lore eskaintza eta omenaldia egingo dute Martxoak 3 plazako monolitoan, eta 19:00etan manifestazioa abiatuko da plazatik Andre Maria Zuriaren plazaraino.

Patronalaren "erasoen" urtea

Sindikatuek agerraldi bateratua egin dute gaur Martxoak 3 plazan, eta langile borroka "bizirik" dagoela aldarrikatu dute, urteurrenaren atarian. "Azken urte honetan gauza asko gertatu dira, asko dira patronalak langile klasearen aurka egindako erasoak, EEE edo ABLEE basatiak, prekarietatea ohiko praktika bihurtuta, lan istripuak, nolanahiko kaleratzeak, transfobia, jazarpen sindikala, generoagatiko soldata diskriminazioa...", ohartarazi dute.

Horien aurrean, langile mugimenduak "egoera bakoitzak eskatzen zuen bezala" erantzun duela nabarmendu dute: "Tubacexeko plantillaren moduko borroka eredugarriak ikusi ditugu, baina baita egoitzetako, etxez etxeko laguntzako, garbiketako, hezkuntzako eta funtzio publikoko langileenak ere".

"Batzuek, irakurketa sinplista eginez, borroka bakoitza independentea dela interpretatzen dute, eta ez dute euren ondar aletxoaren ekarpena egiten aldaketa globalago bati, bai ekonomikoari, bai sozialari. Aldiz, guk badakigu mobilizazio bakoitza, greba bakoitza, lan erantzun bakoitza, kapitalaren urdailari emandako kolpe bat dela", aldarrikatu dute.

Oroimena, justizia eta erreparazioa

Datorren osteguneko omenaldian eta manifestazioan, "oroimena, justizia eta erreparazioa" aldarrikapenaz gain, "borroka horiei guztiei eta azken urteotan borroka historikoak izan dituzten sektore guztiei, pentsiodunen mugimenduari eta mugimendu feministari" tartea emango diete sindikatuek. "Metaleko, egoitzetako edo etxez etxeko zerbitzuko langileok, ikasleok, irakasleok... guztiok ibiliko gara Gasteizko kaleetan", azpimarratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago