Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Elizbarrutiak Martxoaren 3ko Biktimen Memoriala sortzeko "konpromisoa" berretsi dute gaur, proiektuan egindako aurrerapausoen berri emateko eskainitako prentsaurrekoan. Ohikoa denez, aurretik Martxoak 3 Elkarteak ere ezagutzen ez zuen informazioa publiko egin dute El Correo egunkariaren bitartez; elkarteak berak "zentzugabekeria" gisa definitu du jokabide hori.
Ziurtatu dutenez, lau erakundeek hilabeteak daramatzate proiektua aurreratzen. Horren inguruan iragarri dituzten aurrerapauso nagusietan, ordea, nobedade gutxi topa daitezke:
- Asisko San Frantzisko elizan kokatuko da zentroa, Gasteizko Zaramaga auzoan. Erakundeek espero dute "2026a baino lehen" irekitzea
- Gotzaindegiak elizaren erabilera lagatzeko asmoa berretsi du. "Elizako eta haren inguruko gertakarien zama emozional handia dela eta, oroimena kokatzeko leku aproposa da", adierazi dute; elizak ez du erlijio-ofiziorik 2014az geroztik.
- Memorial Zentroa kudeatuko duen etorkizuneko fundazioaren estatutuak prestatzeko lanetan aurrera egin da. Iragarri dutenez, fundazioa "laster" eratuko da, eta harekin ideia lehiaketa bat jarriko dute abian.
- Eraikinaren benetako egoera ezagutzeko lehen urratsak eman dituzte.
Prentsaurrekoan izan dira Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordea, Ainhoa Campo Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendaria, Miren Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotzia, eta Carlos Garcia Llata Gasteizko Elizbarrutiko bikario nagusia. "Martxoaren 3ko memoriak guztion memoria izan behar du, guztiontzako", adierazi dute.
"Zentzugabekeria"
Prentsaurrekoan "gizarte ekimenarekiko, memoria erakundeekiko eta biktimen familiekiko lankidetza lana sendotu" egin dela ziurtatu duten arren, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak gogor kritikatu du erakundeen jokabidea.
"Zentzugabekeria instituzionalak jarraitzen du: orain badakigu, egunkari bati filtratu ostean, nolakoa izango den gure ordezkaritza patronatuan. Egia esan, ez dugu dokumentu ofizialik jaso organo horretan parte hartzea aztertzeko eta onartzeko (edo ez onartzeko)", salatu dute. "Filtrazio hori gutxi balitz bezala, erakundeek agerraldia egin dute gaur, beren kabuz, proiektu horri buruz hitz egiteko; izan ere, ezinbesteko parte gara, baina ez dugu horri buruzko informazio berririk jaso. Hau ez da serioa, #M3moria daukagu", gaineratu dute.
Izan ere, hedabide gehienei bidalitako prentsa ohar ofizial laburrean ere agertzen ez den informazio bat argitaratu du El Correo egunkariak: "Martxoaren 3ko Memorialak patronatuko ateak ireki dizkie biktimei", dio titularrak. "Entitate bakoitzak –erakundeek eta Elizbarrutiak– bi ordezkari izango ditu batzarrean, beste bi Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteari lagako zaizkio eta beste horrenbeste Memoria Gara diziplina anitzeko kolektiboari –memorialaren ideiari buruz hitz egin zuen lehena–", ziurtatzen du testuak.
EL ESPERPENTO INSTITUCIONAL CONTINÚA: Ahora sabemos, por medio de una filtración a un periódico, cómo será nuestra representación en el patronato. La verdad es que NO hemos recibido ningún documento oficial para poder analizar y aprobar (o no) la participación en dicho órgano. ???? pic.twitter.com/M2OEd1FCb1
— Martxoak 3 #M3moria (@Martxoak3) February 24, 2022
Por si esta filtración fuera poco, hoy las instituciones comparecen, por su cuenta, para hablar de este proyecto del que somos parte imprescindible pero sobre el que no hemos recibimos ninguna información nueva:
— Martxoak 3 #M3moria (@Martxoak3) February 24, 2022
ESTO NO ES SERIO,
Tenemos #M3MORIA ✊????????✌????https://t.co/iW7YSAeyam