"Inpunitatearekin amaitu, justizia egiteko". Urteroko mezuari eutsiko diote Martxoaren 3ko sarraskiaren 46. urteurreneko ekitaldietan, biktimen elkarteko bozeramaile Andoni Txaskok azaldu duen moduan. Urteek aurrera egin ahala, zama "pisutsuagoa" dela aitortu du, baina itxaropenerako arrakalak ere ireki dira tarte honetan, eta baikor ageri da. "Kontrakoa dirudien arren, gauzak lortzen ari gara. Pentsaezina zen Zaramagan lortu dugun memoria gunea lortzea, pentsaezina zen ikastetxeetan gertakariei buruzko unitate didaktikoak ematea, pentsaezina bisitaldi gidatuak... Ezagutzan, hedapenean, aurrerapen nabarmena izan da. Justiziaren hutsunea geratzen zaigu, baina uste dut guztion bultzadarekin lortuko dugula".
Azken urteari begira, zalantzarik gabe, Argentinatik iritsitako albisteak izan dira nabarmenenak Txaskoren ustez. "Servinik ezarritako autoa oso urrats garrantzitsua izan da; Martin Villa auzipetua izateko aukera mugarria da". Ostean, abenduan haren aurkako Argentinako auzibidea eten badute ere, kasua ez dela artxibatu gogoratu du Martxoak 3 elkarteko kideak, eta apelazio auzitegi batek erabakiko duela prozesamendua baliogabetu ala ez. "Martin Villak inputatuta jarraitzen du oraindik, hori da garrantzitsuena, eta itxaropentsu gaude".
Oroimenerako zentroa
Bien bitartean, San Frantzisko elizan oroimenerako zentroa paratzeko bidean "etena" egon dela gogoratu du, eta "lanean hasteko" galdegin die erakundeei. Duela urtebete sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Elizbarrutiak akordioa proiektua abian jartzeko, eta geroztik ez dela pausorik eman azpimarratu du: "Bilera informal batzuk izan ditugu, gure tirabirak izan ditugu, baina momentu honetan ez dago ezer; ez dago lagapen akordiorik, ez dago fundaziorik, ez dago patronaturik...". Erakundeen utzikeria salatu du Txaskok, eta "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko eskatu die eragileei: "Ez dugu inolako presarik, gauzak ondo egin nahi ditugu, baina publikoki interesa agertu duten arren, arduragabekeria ikusten ari gara proiektuak gauzatzeko garaian".
Horiek abian jarri zain, ordea, hurrengo egunetan Martxoak 3 elkarteak hamaika lan dituela gogoratu du Txaskok. Datorren ostegunean Gasteizko kaleak zeharkatuko dituen ohiko manifestazioarekin batera –19:00etan Martxoak 3 plazatik abiatuta, eta aurretik, 18:30ean, sindikatuek antolatutako omenaldia–, beste zenbait jarduera ere prestatu dituzte; martxoaren 2an, esaterako, hitzaldia izango da Zabalganeko gizarte etxean, eta martxoaren 5ean Vitoria, 3 de marzo pelikula eta solasaldia izango dituzte Kanpezun. Horrekin batera, 1976an Eldan (Espainia) hil zuten Teofilo del Valle gogoan, bi hitzaldi izango dituzte Valentzian; zapatariek egin zuten greban hil zuten Del Valle. "Martxoaren 3ko gertakarien zigorgabetasuna salatu dugu, baina baita aldi horretan izan ziren beste hainbat urraketa ere; eta horretan Rodolfo Martin Villak erantzukizun handia du".
Oroimenerako zentroa abian jartzeko pausoak eskatu dizkiete erakundeei
Gasteizko ekitaldiari begira, urteroko leloarekin bat eginez, "inpunitatearekin amaitzea" aldarri izango dutela azaldu du. "Egia ikusarazten ari gara, baina maila ofizialean ere aitortu behar da egia hori ; dokumentu ofizialetan oraindik arduradun politikoak babesten zituen txosten polizialak dira nagusi". Orain arte, Espainiako Gobernuak "trabak" baino ez dituela jarri berretsi du, eta giza eskubideen arloko nazioarteko legediak adierazten duena betetzeko galdegin. "Espero dezagun prestatzen ari diren memoriaren legeak gai horiek guztiak jasotzea, eta, behingoz, diktaduran eta trantsizioan izandako gizateriaren aurkako krimen guztiak estatuan epaitu ahal izatea".