Iturritxuko gasolindegi proiektuaren aurkako mobilizazioei ekingo diete

Erredakzioa 2022ko otsailaren 14a

Adurtzako Lidl supermerkatuaren parean jarri nahi dute gasolindegia. / Argazkia: G.M.

Jauregilanda eta Iturritxu kaleen artean jarri nahi duten gasolindegiaren kontrako paseo erreibindikatzailea deitu dute Olarizu eta Adurtzako eragileek otsailaren 18rako, 17:15ean Lidleko aparkalekutik.

2021eko azaroan, Gasteizko hegoaldeko bizilagunek 300 alegazio inguru aurkeztu zituzten Jauregilanda kaleko gasolindegi proiektuaren aurka. Momentuz Udalaren erantzunaren zain jarraitzen dute, baina bitartean mobilizazioei ekitea erabaki dute.

Testuinguru horretan, Adurtzakoak eta Arelegi auzo elkarteek, Adurtza Ikastolako guraso elkarteak (Ikasberri), Olarizuko Gazte Asanbladak eta Iturritxun 3 Ez plataformak paseo erreibindikatzailea antolatu dute otsailaren 18rako. 17:15ean abiatuko dira Lidleko aparkalekutik, azpiegitura berri horren aurka daudela "argi uzteko".

"Hiriaren hegoaldeko kolektiboek indarrak batzen jarraitzen dugu, argi eta garbi uzteko, beste behin, ez dugula nahi auzotarren eta pertsonarik ahulenen osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen duen beste elementu bat gehitu dadin Iturritxu kalearen inguruetan", azaldu dute. "Auzoetako bizilagunok bat gatoz: ez dugu beharrezkotzat jotzen gasolindegi bat edukitzea, ez Iturritxu kalean, ez gure ikastetxeen ondoan, ezta Olarizu parkearen sarreran ere; ez dugu inguru honetan gasolindegi gehiago behar".

"Espekulazioaren jomuga"

Mobilizazioa iragartzeko plazaratu duten oharrean, gogorarazi dute ez dela lehenengo aldia hiriaren hegoaldeko auzoak "espekulazioaren jomuga" direla. "Horregatik, auzokideok eta auzoko taldeek argi utzi nahi dugu aurrean izango gaituztela eta gure osasuna eta segurtasuna beren irabazi ekonomikoen gainetik daudela".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago