ITURRITXU

Gasolindegia azken kolpea da

Juanma Gallego 2022ko urt. 27a, 06:00

Iturritxu kalera trafiko gehiago ez bideratzeko eskatu diote Udalari: "auzo kale bat" izatea nahi dute. EKAIN JIMENEZ VALENCIA

Gasteizko Iturritxu kalean jarri nahi duten gasolindegi baten aurka azaldu dira auzokideak, eta internet bidezko sinadura bilketa bati ekin diote. Diotenez, aurretiko arazo andana bati gehitu zaion mehatxua da.

Iturritxu kalean gasolindegi bat eraikitzeko proiektuak beste behin Gasteiz hegoaldeko auzokideak mobilizatu ditu. Osoigo izeneko web plataformaren bitartez sinadura bilketa bati ekin diote, udalari proiektuaren aurka egin dezala eskatzeko, eta ibilgailu gehiago dakarren edozein proposamen bertan behera utz diezaiola galdeginez. Ez dute nahi kale hori "hiriaren ekialdearen eta mendebaldearen arteko lotura puntu nagusia izatea"; aldiz, berriro "auzo kale bat" izan dadila nahi dute.

Iturritxun3ez plataformako kide Nerea Gallastegik azaldu duenez, kalea aspalditik egon da mehatxupean, eta horregatik abiatu zuten plataforma; batez ere 2020ko urrian udalak autoetarako hirugarren errei bat egokitu zuenean. Horri gehitu zaio orain gasolindegi bat jartzeko proiektua. Argi dute ez dutela halakorik nahi.

"Udalari eskatzen diogu aukeran dituen baliabide legalak erabiltzeko". NEREA GALLASTEGI, ITURRITXUN3EZ

"Inguruan badira lau gasolindegi; hortaz, ez da beharrezkoa", adierazi du Gallastegik. Haren esanetan, azpiegitura berriak trafiko gehiago ekarriko du auzora, eta "oso arriskutsua" izango da. "Gainera, zaindu gabekoa izango da; hau da, autozerbitzu motakoa. Bestetik, inguruan hiru hezkuntza zentro daude hurbil: Adurtza ikastola, San Inazio herri ikastetxea eta Gurutzmendi haurreskola. Edozer gertatuz gero, izugarrizko arriskuan leudeke ume horiek guztiak".

Helegiteak

Gogora ekarri du Olarizu ere parean dagoela. "Eraztun berdeari buruz hitz egiten ari gara, hain justu". Gasolindegia jartzeko eskaeraren aurka 300 helegitetik gora aurkeztuak dituzte, eta orain udalaren erantzunaren zain daude. "Orain arte, udalak erantzun duen bakarra izan da ezin diola proiektuari baimena ukatu, legea betetzen duelako". Halere, Gallastegik uste du udalak badituela tresnak proiektua oztopatzeko, legea urratu gabe.

Gogora ekarri du HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikuste fasean dagoela orain, eta horri esker beste zenbait lekutan lizentziak behin-behinean eten direla. "Gertatu dena izan da hainbat kontu HAPOarekin kontraesanean egon daitezkeela. Eta aukera hori adibidez baliatu daiteke lizentzia bat eteteko. Udalari ez diogu eskatzen legea urratzea, aukeran dituen baliabide legalak ondo erabiltzea baizik". Gauzak hala, Gallastegik ondorioztatu du udalak ez duela benetako interesik gasolindegiaren aurka egiteko. Bien bitartean, plataforman hainbat ekintza prestatzen jarraitzen dute, inguruetako beste zenbait eragilerekin batera.

Auzo lana

"Oso garrantzitsua da auzoetako eragile desberdinak elkarlanean aritzea", nabarmendu du Gallastegik. Plataformarekin batera, Adurtzako auzo elkartea, Goikolarrako Arelegi auzo elkartea, Adurtzako gazte asanblada eta Adurtza ikastolako guraso elkartea elkarlanean ari dira. Sinadura bilketa horrez gain, pankartak jarri dituzte, eta txapak egiten ari dira orain inguruetan banatzeko. Momentuz guztiz zehaztuta ez badute ere, argi dute kalera joateko garaia iritsi dela, eta, hortaz, norabide horretan mobilizazio bat prestatzen ari dira. "Udalak argi ikusi behar du gasolindegiaren aurka gaudela, eta ez dugula onartuko", aurreratu du Gallastegik.


OHARRA: paperezko edizioan eta aurreko bertsio digital batean aipatzen da HAPO berria aztertzen den bitartean udalak aukera duela lizentziak ukatzeko. Berez, HAPO berria onartu bitartean, udalak aukera izango luke lizentzia horiek behin-behinean eteteko, eta horrela jaso dugu artikulu honen azken bertsioan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago