Hegoaldeko bizilagunak Jauregilanda kaleko gasolindegiaren aurka

Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 11:30

Gasolindegia Jauregilanda kalean jarri nahi du enpresak, Lidl-en parean. / GOOGLE MAPS

Gasteiz hegoaldeko auzokideek, auzo elkarteek eta ikastetxeek 300 alegazio inguru aurkeztu dituzte Jauregilanda kalean gasolindegi bat jartzeko proiektuaren kontra. Jarduera lizentziarako espedientea kautelaz etetea exijitu diote Udalari.

Adurtzakoak, Arelegi eta Hegoaldekoak auzo elkarteek, Ikasberri Guraso Elkarteak, Gurutzmendi Haurreskolak eta Iturritxun 3 Errei Ez plataformak alegazioen bilketa kanpaina egin dute, Jauregilanda kalean gasolindegi bat jartzea saihesteko asmoz. 300 bat idazki aurkeztu dituzte proiektuaren aurka.

Iturritxu kalearen egoeraren inguruko kezka agertu dute berriz ere, eta azken asteetan kezka hori "nabarmen areagotu" egin dela ohartarazi dute, bi arrazoiengatik: alde batetik, azaroaren 11ko auzogunearen ostean, Udalak "inolako planik edo neurririk aurreikusi ez duela" uste dute, "ez bada ibilgailu motordunentzako erreiak gehitzea"; bestalde, Red de Gasolineras de Levante SL enpresak Jauregilenada kalean —Iturritxutik sartuta— zerbitzugune oso bat jartzeko jarduera lizentzia eskatu duela baieztatu ahal izan dute.

Eragile horien ustez, azpiegitura berri horrek Iturritxu kalearen arazoa larriagotuko luke, "ibilgailu gehiago ekarriko bailituzke gainezka dagoen eremu batera". Gainera, Eraztun Berdearen hegoaldeko ingurumenean "ondorio larriak" eragingo lituzkeela ohartarazi dute. Horrez gain, pertsonen osasuna eta segurtasuna arriskuan jarriko lituzkeela deritzote, bizitegi eremu batean eta hiru ikastetxetatik —Gurutzmendi haurreskola, San Ignacio herri ikastetxea eta Adurtza ikastola—, Adurtzako pilotalekutik eta San Ignacio futbol klubaren instalazioetatik oso gertu kokatuko litzatekeelako.

300 alegazio

Egoera horren aurrean, norbanakoen zein elkarteen izenean, 300 bat alegazio idazki aurkeztu dituzte, Udalari eskatzeko azter dezala, "orokorrean eta etorkizunera begira, azpiegitura hori leku horretan ezartzearen ondorioak, eta, interes orokorreko arrazoiengatik, kautelaz eten dezala espedientea".

"Biziki deitoratzen dugu ordezkari politikoak gai ez izatea egoera hori aurreikusteko eta horri aurrea hartzeko. Izan ere, badituzte horretarako tresnak eta mekanismoak, horietako asko berrikuspen prozesuan dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) lotuak", kritikatu dute. "Ez dugu konfiantzarik erakundeek irtenbide bat aurkitzeko duten borondatean, orain arte ez baitute ezer egin eremu horretako arazoak konpontzeko; hori dela eta, auzotarrak batzarrean bildu gara, eta lantalde bat sortu dugu, proiektu berri hori gauzatzea nahi ez dugula adierazten jarraitzeko eta geldiarazten saiatzeko ekintza zuzenak egiteko".

"Hegoaldeak ez du beste gasolindegi bat behar, eta are gutxiago eraiki nahi den lurzatian", azpimarratu dute. "Ez du behar lehendik dauden azpiegiturak eta zerbitzuak kokaleku berrietan eraikitzea, berez zaila den egoera larriagotzen baitute. Hegoaldeak irtenbide bat behar du hiriaren ekialde-mendebalde ardatzeko joan-etorrietarako". Une honetan, beste lau gasolindegi daude dagoeneko Adurtza auzoaren inguruan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago