Astelehen honetan, gosari informatibo batean, Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankistak aitortu du 70eko hamarkadan egindako ustezko hilketen eta torturen "erantzule politiko eta penala" izan zitekeela, baina ukatu egin du "arerio politikoa desagerrarazteko plan sistematiko, deliberatu eta orokortu" bat zegoenik.
Besteak beste 1976ko Martxoaren 3an Gasteizen hildako hiru lagunen eta 1978ko Sanferminetan hildako German Rodriguezen hilketak egotzita, urrian, Maria Servini epaile argentinarrak auzipetu zuen Villa, gizateriaren aurkako delituengatik. Abenduan, ministro ohiaren auzipetzea ezeztatu egin zuen Argentinako Justiziak, gizateriaren aurkako delituen "froga zuzen edo zeharkakorik, zantzuzko frogarik, askotarikorik edota uniboko bateragarririk" ez zegoela iritzita; hala ere, ez zuen bere aurkako prozedura erabat artxibatu.
"Baliteke eromen eraso batean ni egile materiala izatea. Baina ezinezkoa da Trantsizioan gobernu demokratiko baten alde zeuden espainiarrak izutzeko plan baten barruko gobernu batzuetako kide izatea", adierazi du Martin Villak Argentinako Justiziaren erabakiaren ostean egindako lehen hitzaldian. Villaren ustez, demokraziako lehen gobernuetako buruzagiek garai hartako pertsona adierazgarrienak desagerrarazten zituztela esatea "hanka oso motzak dituen gezurra da". "Ez du zentzurik kereilan hitz hori erabiltzea; trantsizioak etsai bat izan bazuen, terrorismoa izan zen", gaineratu du.
Kereilaren inguruko guztia "ikuskizun kafkianotzat" jo du Martin Villak, eta argi utzi du ez duela "minutu bateko loa galdu" erabaki judizialekin. Halaber, Trantsizioa defendatu du, "edozein ikur politikoko herritar guztiek, baita inolako ideologiarik gabekoek ere, eratzen lagundu zuten Espainiako bizitzaren aro bat" bezala aldarrikatuz.