Argentinako Kereila

Servini epaileak Martin Villa auzipetzea erabaki du

Erredakzioa 2021ko urr. 16a, 13:00

Martxoaren 3ko biktimak, Martin Villari aurre egiten. / M3 ELKARTEA

Servini epaileak Martin Villa auzipetzeko autoa eman du, 1978ko Sanferminetan hildako German Rodriguez eta 1976ko Martxoaren 3an Gasteizen hildako hiru lagunen hilketak egotzita. Hainbat milioi euroko enbargoa ezarri dio.

Azkenik, Martin Villa ministro ohi frankista epaituko du Argentinako Justiziak. Izan ere, kereila argentinarraren barruan, Servini epaileak bere ardurapeko indar polizialek egindako lau hilketa leporatu dizkio gutxienez; zehazki, 1978ko Sanferminetan hildako German Rodriguez eta 1976ko Martxoaren 3an, Gasteizko sarraskian, hildako hiru lagunen heriotzak: Pedro Maria Martinez Ocio, Romualdo Barroso Chaparro eta Francisco Aznar Clemente.

Martin Villak bere errugabetasuna defendatu zuen 2020ko irailean, Justiziaren aurrean deklaratu zuenean. Orduan, Servini epailearen esku gelditu zen auzia artxibatu edo Villa auzipetzearen arteko erabakia; bigarren aukera hartu du epaile argentinarrak. Gainera, behin-behineko espetxealdia ezarri dio —ez du bete beharko, bere garaian salbuespena eman ziolako—, baita hainbat milioi euroko enbargoa ere.

Horrez gain, 970 orrialdeko txostena osatu du, 1976 eta 1977 urteen artean indar polizialek eragindako beste hildakoen inguruko informazio gehiago eskatuz. Martxoak 3 Elkarteak jakinarazi du albistea: "Memoria dugu, justizia exijitzen dugu", adierazi dute sare sozialetan. "Ezer ez dirudi, baina biktimen eta haien ondorengoen ahalegin handiaren eta borrokaren emaitza da".

Erlazionatuak

Pilota, Serviniren teilatuan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020 ira 10 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago