Maria Servini epaileak Rodolfo Martin Villaren aurka gizateriaren aurkako krimenengatik egindako auzipetzea ezeztatzea erabaki du Argentinako Apelazio Auzitegiak. Magistratuen hitzetan, "ez da frogatu heriotza horiekin amaitu ziren polizia ekintzak agindu zituenik" eta horrenbestez, ez dago zantzu nahikorik esateko Martin Villa ministroa izan zenik 1976an Gasteizko mobilizazioen aurkako karga-polizialean hildako lau langileen erantzulea. Modu horretan, duela 7 urte, Espainian auzia itxi ondoren, Servini epaileak gauzatutako prozesamendua "desegokitzat" jo du Epaitegiak.
Epaitzen jarraitzeko eskaera
Argentinako epaitegien adierazpenari erantzunez, Martxoak 3 elkarteak ebazpenaren edukiarekin ados ez dagoela adierazi du. Elkartearen ustez "zalantzarik gabe egiaztatu da" Rodolfo Martin Villa gertakarien zuzeneko erantzulea izan zela. Arrazoi horregatik, Martxoak 3 elkarteak frankismo garaian eta trantsizioan gizateriaren aurkako delitu eta krimenen erantzuleei Espainiar Estatutik "bermatzen zaien zigorgabetasunarekin" amaitzeko lanetan jarraitzeko asmoa duela adierazi du.
Helburua zuzeneko arduradun horiek Espainiako Justizia Auzitegietan epaitzea bada ere, horretarako biderik ez dagoen bitartean Martxoak 3 elkarteak eta CEAQUAko erakundeek Argentinako kereila bultzatzen jarraituko dutela berretsi dute eta Martin Villak oraindik ere baditu "kezkatuta egoteko" motiboak.
Elkartearen esanetan bide judizial horrekin jarraituko dute "horixe baita modurik onena Martin Villaren agintaldian eraildako, zauritutako, torturatutako, espetxeratutako eta errepresaliatutako pertsona guztien oroimena ohoratzeko".