Hamar hilabete pasatxo falta dira Euskaraldiaren hirugarren ediziorako. 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta ariguneen apustuari jarraipena emanez.
Herrietako lantaldeak dagoeneko martxan daude, baita Araban ere, eta, urte hasieratik ekiteko asmoz, Gasteizko Euskaraldiaren aurkezpena urtarrilaren 19an egingo dute, 17:00etatik 20:00etara Europa Jauregian. Horretarako, hiru jarduera antolatu dituzte arratsalde osoko egitaraua osatzeko: Auzoetatik lan mundura ekiten! mahai-ingurua, antzerkia Aitor Vinagret eta Ane Gebararen eskutik, eta ariguneei buruzko aitortza bideoen emanaldia.
Ekitaldiaren antolakuntza errazteko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, eta horretarako formulario bat jarri dute martxan.
"2022. urtea… Badator berriz Euskaraldia. Baina ez dator bakarrik, Korrikaren urtea ere izango baita aurtengoa. Ekin diezaiogun urteari eskuz esku, pandemiak eragindako gorabeherak gainditu eta ilusioz, korrika eta kalaka, euskarari urtebeteko ibilbide oparoa irekiz", ospatu dute Euskaraldiaren antolatzaileek.