Arabarron memoria

San Frantzisko elizan azterketa arkeologikoa eta zundaketak egitea proposatu du Memoria Garak

Erredakzioa 2021ko abe. 16a, 12:00

Nerea Martinezek eta Josu Santamarinak aurkeztu dituzte ondorioak. / MEMORIA GARA

11n 11etan jardunaldiaren ondorioetan, San Frantzisko elizaren balio arkitektonikoa, historiko-arkeologikoa, memoriala eta pedagogikoa goraipatzeaz gain, eraikinaren azterketa arkeologikoa eta kanpoko hobian zundaketak egitea planteatu du Memoria Garak.

Joan den larunbatean, 1976ko martxoaren 3an poliziak eragindako langile sarraskiaren lekuko izandako San Frantzisko elizan oroimenerako espazio bat diseinatzen jarraitzeko helburuarekin, 11n 11etan jardunaldia antolatu zuen Memoria Garak. Gaur aurkeztu ditu diziplinarteko ariketa kolektibo horren ondorioak, hainbat arlotako —arkitektura, arkeologia, arte plastikoak, historia, ikus-entzunezko komunikazioa, kultura...— hamabi adituren ekarpenak kontuan hartuta.

M3moria Gunean egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, asko izan ziren jardunaldiko brainstorming ariketan jasotako proposamenak, baina bereziki horietako bi nabarmendu nahi izan ditu Memoria Garak.

Alde batetik, Asisko San Frantzisko elizaren lau balio nagusiak —arkitektonikoa, historiko-arkeologikoa, memoriala eta pedagogikoa— aztertu eta goraipatu" behar direla. "Horrek esan nahi du jatorrizko eraikina eta esanahia eta horrelako proiektu batekiko egokitasuna eta errespetua uztartzea. Baina, gainera, gertatutakoaz hitz egiten digun dokumentua da, hau da, aztertu eta zaindu beharreko aztarna arkeologikoa da", azaldu du Josu Santamarinak.

Bestalde, ildo beretik, "jatorrizko espiritua" mantentzearen beharra azpimarratu dute, "elkargunea izaten jarrai dezan". Beren ustez, balioa eman behar zaie "bai materialei, hautatutako koloreei eta garaiko elementu esanguratsu guztiei, hala nola leihoak edo bala zuloak". Horretarako, eraikinaren beraren azterketa arkeologikoa egitea proposatu dute: topografia eta xehetasun-planimetriak, paramentuen irakurketa, inpaktuen erregistroa... Eta horrekin batera, zundaketa arkeologikoak egitea kanpoan, jatorrizko hobian.

Ondorio nagusi horiez gain, erdiko gunea mantentzea eta barneko perimetroa erakusketa eremuak sortzeko aprobetxatzea ere planteatu zen jardunaldietan, proiekzioetarako edo jarduerak garatzeko bi eremu sortzeaz gain. Edukiei dagokienez, partaideak bat etorri ziren "parke tematiko bihurtzearen" aurkako iritzian: "Gune bizia izan behar du, testuinguru historikoa azaltzeko eta fokua zabalduz, dagoen material ugariak garrantzi berezia izan dezan. Espazioan gutxi esku hartu behar da, audio-gidak eta bideo-proiekzioak erabili behar dira, eta alboko espazioak horretarako oso aproposak izan daitezke", adierazi du Santamarinak.

Gotzaindegiari kritikak

Juan Ibarrondok ALEAn argitaratutako gutun irekiaren ildo beretik, Martxoak 3 Elkarteko eta Memoria Gara ekimeneko kide Nerea Martinezek Gasteizko Elizbarrutiaren jarrera kritikatu du, jardunaldietan parte hartu zutenei tenplura sartzea ukatu baitzien: "Ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren, aitzakiak eman zizkiguten, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen horrelako bisita bat egiteko sarrera galaraztea".

Erakundeen memoriala, geldirik

Azkenik, Martinezek kritikatu du erakundeek iragarritako memorialaren sorreran "aurrerapausorik ez" dela eman. Otsailean "aukera-leiho bat ireki" zela gogoratu du; izan ere, asmoen protokolo bat sinatu zen, San Frantzisko eliza martxoaren 3aren inguruko memorial bihurtzeko.

Orduan, fundazioa eta hura kudeatzeko patronatua sortzeaz, higiezina lagatzeaz eta hura gauzatzeko ideia lehiaketaren deialdiaz hitz egin zen. "Hasieratik eskatu dugu bai Memoria Garak bai Martxoak 3 Elkarteak paper aktiboa izan behar dutela prozesu horretan guztian. Horretarako, antza denez, Martxoak 3 Elkartearekin hitzarmena sinatzeko borondatea dago, baina, oraingoz, dena dira promesak", deitoratu du Martinezek

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago