Cortada jaialdia eraberrituta itzuliko da abenduan

Erredakzioa 2021ko urr. 18a, 16:50
Irudi korporatiboa eta lantaldea berritu ditu aurten jaialdiak. / ALEA

Abenduaren 15etik 18ra bitartean ospatuko da aurten Cortada film laburren jaialdiaren XXV. edizioa. Izena emateko epea zabalik dago urriaren 27ra arte. Iker Arronizek eta Garbiñe Ortegak koordinatuko dute aurten.

Edizio berrirako irudi korporatibo eta lantalde berriekinJimmy Jazzeko Iker Arronizek eta Garbiñe Ortega zinema kuradoreak koordinatuko dute, Kepa Sojo eta Sonia Paciosek zuzendaritza utzi ostean—, abenduaren 15etik 18ra bueltan izango da Cortada Gasteizko Film Laburren Jaialdia, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatuta eta Vital Fundazioaren zein Udalaren laguntzarekin.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Espainiako Estatuan jaio edo bizi diren egileen film laburrek izango dute jaialdiaren XXV. edizioan parte hartzeko aukera. Horretarako, hainbat baldintza bete beharko dituzte: 2020an edo 2021ean ekoitzitakoak izatea, gehienez 30 minutuko iraupena izatea eta ICAAk kalifikatuta —edo kalifikazioa eskatzeko prozesuan— egotea.

Lehiaketaren sail ofizialean, fikziozko, dokumental edo animaziozko film laburrak aurkeztu ahal izango dira; jasotako film guztiak ikusi ondoren, hautapen batzordeak aukeratuko ditu sail horretako filmak. Gainera, EAEn ekoitzitako film laburrek atal propioa izango dute, Gureak izenekoa.

Zinemaldirako izen-ematea doakoa da eta dagoeneko zabalik dago, urriaren 27ra arte. Inskripzioa Festhome plataformaren bidez egin ahal izango da, eta edizio honen inguruko informazio guztia dagoeneko ikusgai dago Cortada jaialdiaren wegune ofizialean.

Proiekzioak eta sari banaketa

Izena eman duten film labur guztien egileek azaroko lehen hamabostaldian izango dute hautaketaren berri. Aukeraketa hori jaialdiaren aurreko astean jakinaraziko dute webgunean eta sare sozialetan. Proiekzio guztiak Posta kaleko Vital Fundazioa Kulturunean izango dira abenduaren 15etik 18ra, unean uneko segurtasun neurriei egokituta.

Azkenik, zinemari eta kulturari lotutako hainbat pertsonak osatutako epaimahai ofizialak erabakiko du sarien banaketa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide