Koldo Arribillagaren heriotza "erakundeen utzikeriaren" ondorio izan zela salatu dute

Erredakzioa 2021ko urr. 6a, 10:30

Elkarretaratzea egin zuten atzo Gasteizen, etxebizitzarik ez zuelako ebakuntzarik egin ezinik hildako Koldo Arribillagaren heriotza salatzeko.

Asteartean, Pobreen aurkako gerra gelditu lelopean, "erakundeen utzikeria" kritikatu zuten dozenaka lagunek Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Ekimenak, Osakidetzako sindikatuekin eta Osasun Publikoa Aurrera plataformarekin batera, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan deitutako mobilizazioan.

Besteak beste, Osakidetza, Gasteizko Udala, Etxebide eta Lanbide Koldoren heriotzaren "arduradunak" direla salatu zuten. Izan ere, maiatzaren 19an prentsaurreko batean bere "egoera samingarriaren" berri eman zuten, "bizitegi-larrialdia, erakunde publikoen babesgabetasuna eta aporofobia" salatuz.

Arribillagari ez zioten ebakuntzarik egin ebakuntza-ostekoa egiteko "leku egokirik" ez zuelako; Udaltzaingoak 600 euroko isuna jarri nahi zion, beste lekurik ez zuen bitartean, bere jabetzako lokal batean bizitzeagatik; eta hori gutxi balitz, Lanbidek 9.000 euroko legez kanpoko zorra eskatu zion.

Alternatibarik gabe, duela bi aste hil egin zen Koldo Arribillaga, eta plataformaren ustez, "erantzule nagusiak euskal erakunde publikoen gizatasun falta, gizartearen klasismoa eta pertsona txiroei eskaintzen zaizkien baliabide eskasak" dira.

Osasun arreta eta etxebizitza duina

"Koldo erakundeek hiltzen utzi dute", azpimarratu du Inor Ez Etxerik Gabe ekimenak. "Baina arazoa ez zen Koldorena. Harrigarria iruditu daitekeen arren, bere egoeran bizi diren beste milaka pertsona daude gure gizartean, instituzioen gizatasun faltagatik egunerokotasunean haien bizitza arriskuan jartzen dutenak, diruenez axola ez direnak".

Azkenik, elkarretaratzea deitu zuten eragileek euskal erakundeei eskatu zieten berma ditzatela "osasun arretarako eskubidea eta etxebizitza duina izateko eskubidea pertsona guztientzat". Era berean, gizarte bazterkeria "behingoz amaitzeko behar den borondate politikoa" eskatu zuten, gasteiztarrei eta kolektiboei mobilizatzeko deia luzatuz, "honakoa bezain gertakari latzik berriro kontatu behar ez izateko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago