Hil egin da Koldo Arribillaga, etxebizitzarik ez zuelako ebakuntzarik egin ezinik

Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 12:45

Koldo eta Inor Ez Etxerik Gabe ekimenaren prentsaurrekoa, maiatzean. / ALEA

Bere kasua salatu eta lau hilabetera hil egin da Koldo. Gasteiztarrak gaixotasun kroniko larri bat zuen, baina etxetik bota zuten eta bere tabernan bizi behar izan zuen; bizilekurik ez zuenez, Osakidetzak ez zion ebakuntzarik egin.

El Salto hedabideak argitaratu duenez, Koldo Arribillaga irailaren 8an hil egin zen, Txagorritxu ospitalean, bihotz-geldialdi baten ondorioz. 2020ko uztailetik ez zioten aldatu zirkulazio arteriala berreskuratzea odola oxigenatzeko ahalbidetzen zion balbula.

Duela lau hilabete ezagutu genuen 55 urteko gasteiztar honen istorioa: etxegabetua, larriki gaixorik eta bere tabernan ezkutuan bizitzera behartuta. Maiatzean, Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Ekimenarekin batera, bere kasu "gizagabea" egin zuen publiko. Prentsaurreko batean azaldu zutenez, 2019ko uztailean, etxegabetze baten ondorioz eta kalea ez zen beste aukera bideragarririk gabe, noizean behin, Koldok bere jabetzako taberna batean bizitzera behartuta ikusi zuen bere burua; taberna hori jarduerarik gabe dago gaur egun.

Horrez gain, Koldok gaixotasun kroniko bat zuen aorta-balbularen estenosia, bihotzean arazo larriak eragiten zizkiona, eta ebakuntza bat behar zuen. Egoera zail horretan, Osakidetzak ez zion ebakuntzarik egin nahi, "etxebizitza duin" batean ez bizitzearen ondorioz, ezingo lukeelako ebakuntza-osteko "egoki" bat egin.

Egoera horren aurrean, Koldok askotan jo zuen Alde Zaharreko bere gizarte langilearengana, baina, salatu zuenez, horrek ez zion inoiz alternatibarik edo irtenbiderik eskaini. Are gehiago, bere egoeraren ondorioz, maiz joan behar izan zuen larrialdietara.

Lanbideren erreklamazio bat

Hala Bedi irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Argilan-ESK gizarte bazterketaren aurkako plataformako kide Iñaki Uribarrik azaldu du 2013ko otsailetik 2016ko urtarrilera bitartean izandako ustezko zor batengatik Lanbideren erreklamazio bat jaso zuten 2.668 lagunetako bat zela Arribillaga. Bere kasuan, 9.006 euro itzultzeko eskatu zioten, gizarte laguntzen ustezko bidegabeko kobrantzagatik. Uribarrik "erakundeen gizatasunik ezaren ekaitz perfektua" bezala definitu du Arribillagaren kasua.

600 euroko isuna

Testuinguru horretan, 2020ko urtarrilean, Udaltzaingoak bere lokaleko atea jo eta identifikatu egin zuen. "Egun horretan ez zioten esan legez kontrako ezer egiten ari zenik", azaldu dute.

Handik aste gutxira, ordea, Udaleko eraikin-zerbitzuaren gutun bat jaso zuen Koldok, "lokala bizileku erabilerarako erabiltzeari behin betiko uzteko" aginduarekin. Gutun horretan, Udalak ohartarazi zion administrazioak emandako agindua ez betetzeak isun hertsagarriak ezartzea ekarriko lukeela, "hilabeteko epeetan eta 600 euroko zenbatekoarekin".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago