Etxegabetua, larriki gaixorik eta bere tabernan ezkutuan bizitzera behartuta

Erredakzioa 2021ko mai. 19a, 14:00

Koldo eta Inor Ez Etxerik Gabe ekimenaren prentsaurrekoa, Plaza Berrian. / ALEA

Koldoren kasu "gizagabea" salatu dute: gaixotasun kroniko larri bat duen gasteiztarra etxetik bota zuten, eta bere tabernan bizi behar izan du. Udalak isuna jarri nahi dio horregatik, eta bizilekurik ez duenez, Osakidetzak ez dio ebakuntzarik egingo.

Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Ekimenak Gasteizen bizi den bizileku larrialdia salatu du behin baino gehiagotan. "Oso egoera dramatikoak ezagutu ditugu. Dena ikusita genuela uste genuenean, Koldoren kasua iritsi zaigu: berriz ere, erakunde publikoek gizatasun eta aporofobia falta erakutsi dute", adierazi dute Plaza Berrian egindako prentsaurrekoan.

Azaldu dutenez, duela hilabete batzuk, etxegabetze baten ondorioz eta kalea ez zen beste aukera bideragarririk gabe, Koldok noizean behin bere jabetzako taberna batean bizitzera behartuta ikusi zuen bere burua; taberna hori jarduerarik gabe dago gaur egun.

Ebakuntzarik ez

Koldok gaixotasun kroniko bat du, bihotzean arazo larriak eragiten dizkiona, eta ebakuntza bat behar du. Bizi duen egoera zail horrez gain, Osakidetzak ez dio ebakuntzarik egingo, "etxebizitza duin" batean ez bizitzearen ondorioz, ezingo lukeelako ebakuntza-osteko "egoki" bat egin.

Egoera horren aurrean, Koldok askotan jo du Alde Zaharreko bere gizarte langilearengana, baina horrek ez dio inoiz alternatibarik edo irtenbiderik eskaini. Are gehiago, ohartarazi dutenez, bere egungo egoeraren ondorioz, larrialdietara maiz joan behar izan du.

600 euroko isuna

Testuinguru horretan, aurtengo urtarrilean, Udaltzaingoak bere lokaleko atea jo eta identifikatu egin zuen. "Egun horretan ez zioten esan legez kontrako ezer egiten ari zenik", azaldu dute.

Handik aste gutxira, ordea, Udaleko eraikin-zerbitzuaren gutun bat jaso zuen Koldok, "lokala bizileku erabilerarako erabiltzeari behin betiko uzteko" aginduarekin. Gutun horretan, Udalak ohartarazi zion administrazioak emandako agindua ez betetzeak isun hertsagarriak ezartzea ekarriko lukeela, "hilabeteko epeetan eta 600 euroko zenbatekoarekin".

"Kriminalizazioa eta aporofobia"

"Hitz gutxitan, ez diote ebakuntzarik egin, laguntza medikoa bezalako eskubide unibertsal bat ukatu diote, eta, gainera, zigortzeko proposatu diote bere taberna ez den beste bizileku bat ez izateagatik", salatu du Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Ekimenak. Hau da, Koldo kiribil batean dago: Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuek bere egoeraren berri dute, baina etxebizitza egoki bat eskaintzeko atzerapena dela eta, ezin izan diote Osakidetzari ebakuntza egin.

"Etxebizitza duin baten inguruan dituen arazoak konpondu ordez, Udala modu erabat okerrean erabiltzen ari da zuzenbidea, bere egoera kaskarra okertzeko. Bazterketa egoeran dagoen pertsona bati isuna jartzea ekintza erabat ankerra da; bere jabetzako taberna batean noizbehinka bizitzeagatik, kalean ez bizitzeko aukera bakar gisa", salatu dute.

Inor Ez Etxerik Gabe ekimenak kritikatu du Udalak "etxebizitza arazoak dituzten herritarrek merezi duten arreta eskaini gabe" jarraitzen duela. "Zeren zain zaudete? Egoera jasanezina da, eta Koldori eta horren beharra duten pertsona guztiei arreta eskaintzea eta bizitzeko aukera ematea eskatzen dugu. Beharrezkoa da oso ahul dauden pertsona horien aurkako kriminalizazioa bertan behera uztea", gaineratu dute.

Azkenik, Udalak horrelako ekintzak egitea "tamalgarria eta lotsagarria" dela salatu dute: "Jarrera oldarkorra eta aporofobikoa erakusten du, eta egoera hobetzeko borondate politikorik eza erakusten dute".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago